Kale Nagusia eta Kaxkoko herri bizitza sustatzeko hobekuntza lanak Olanoeneko plazan eta Nagusia 10eko pasabidean

Kale Nagusia 10eko pasabide iluna berritu eta argitzeko lanak hasi ditu Usurbilgo Udalak. Horrekin batera, Olanoeneko plazako bizitza sustatzeko, plaza horretan eta Potxoenea atarian zenbait altzari jarriko dituzte.

Kaleko bizitza eta herri merkataritza banaezinak diren binomio bereko kideak ditugu. Batak ezin biziraun bestea gabe. Usurbilen herri merkataritza sustatze aldera, espazio publikoa aktibatzeko hainbat egitasmo burutu ditu Udalak azken urteotan, Guztion Eskualdea Beterri-Buruntzako udalek bultzaturiko proiektu zabalagoaren baitan.

Ekintza gehiago iragarri eta gauzatzen hasia da Udala egunotan. Batetik, Askatasuna plaza Kale Nagusiarekin lotzen duen 10 zenbakiko pasabidean hobekuntza lanak hasi zituzten aste hasieran. Inguru horretan ibili bazineten, horregatik aurkitu zenuten itxita. Kale Nagusirako lotura bermatu nahi du Udalak, erraztu eta egun ilun samarra den pasabidea bera erakargarri bilakatu. Udalak asteotan bideratuko dituzten lanen berri eman dio NOAUA!ri. “Egoera kaskarrean den pasabideko sabaia berritu egingo da. Argiztapen berria jarriko da, sabai berrian sartutako luminarien bitartez. Egun duen kolore iluna ordezkatu eta pasabidea osatzen duten horma, sabai eta zutabeak zuriz margotuko dira. Horretarako hormetan egun dauden azulejuak kendu eta zarpiatuko dira, ondoren margotu ahal izateko. Eraikinaren behe solairua eta azpiko garajeen artean inpermeabilizaziorik ez dela eta, udal-langileentzat pasabidea garbitu eta mantenu lanak egiteko oztopo da, garajeetara ura filtratzen baita. Horri konponbidea emateko, egungo zoladuraren gainean mekratilatozko zoladura iragazkaitz bat jarriko da”.

Altzariak Olanoenean
Pasabide honetatik gertu den Potxoenea ondoko Olanoeneko plazatxo edo anfiteatroaren erabilera bultzatzeko, aipatu kultur etxeko estetikari jarraiki, bere parean haur eta helduentzako mahai eta eserleku finkoak jarriko ditu Udalak. Eta anfiteatroan bertan, egurrezko gunea baita lasai ederrean egoteko. Hilabeteotan ikusi ahalko duzue guneak duen itxuraldaketaren eboluzioa.

Aipatu moduan, ekintzokin Askatasuna plazatik Kale Nagusirako oinezkoentzako egokitu eta erakargarri bihurtu nahi du Udalak, “herrirako sarrerako gune erreferenteetako bat bihurtzeko”. Bertako merkataritzari mesede egin eta herritar desberdinen arteko harremanak sustatzeko modu anitzetan erabili ahalko diren espazio inklusibo eta atseginak sortzeko baliabideak eskaini nahi ditu hartara Udalak.

Gogorarazi duenez, “Usurbilgo Merkatzaritza Biziberritzeko Planaren baitan merkataritza eremuan hiri ingurunea eta kale-merkataritza indartzeko azken urteetan egindako hirigintza lanen jarraipen bat ere bada”. Mikel Laboa plazaren bueltan eginiko hobekuntza lanak dira horren adibide: plaza bera oinezkoentzako egokitu, bertaratzeko oinezkoen pasabideak hobetu, eta bertatik Kale Nagusira jaisteko kaleak eraberritu ditu Udalak azken urteotan.

Hemen dituzue Olanoenea plazan lasai ederrean egoteko Udalak jarri asmo duen egurrezko egunearen foto muntaketa, Udalak berak helarazitako irudiak: