Kale Nagusia 10eko pasabideko lanak hasi dituzte

Askatasuna plaza, Kaxkoa eta Kale Nagusia elkar hurbildu eta batean zein besteko herri bizitza eta tokiko merkataritza sustatzeko bi eremuak lotzen dituen Kale Nagusia 10eko pasabidea berritu eta argitzeko lanak hasi dituzte. Asteazkenera arte itxita izango duzue.

Aipatu lanok tarteko esan bezala, aste hasiera honetan itxita egongo da Askatasuna plaza aldetik Kale Nagusirako pasabidea. Bai behintzat, asteazkenera arte (uztailaren 17ra arte). Usurbilgo Udalak ohartarazi duenez, "pasabidean egingo diren lanak direla eta, zoladura iragazkaitza instalatzeko lanak egiteko pasabidea itxi egingo da uztailaren 15ean, astelehenea, 9:00etatik aurrera, uztailaren 17ra arte, asteazkena".

Honenbestez, egun pare bateko tartean zabalik egon behar luke berriz. Udalak ohartarazi duenez, “uztailaren 22tik uztailaren 30era gainontzeko lanak burutuko dira, baina epe honetan beti ere pasabideko igarotzea bermaturik egongo da”.

Usurbilgo spazio publikoa aktibatu, eta horrekin batera, herri bizitza eta tokiko merkataritza suspertzeko egitasmoa ari da gauzatzen Usurbilgo Udala Kale Nagusia 10eko ondoko irudiko pasabidean, eta laster baita, Olanoeneko plazan. Egoera kaskarrean egon den pasabide hau itxuraz berritu egingo dute asteotan. 

“Egoera kaskarrean den pasabideko sabaia berritu egingo da. Argiztapen berria jarriko da, sabai berrian sartutako luminarien bitartez. Egun duen kolore iluna ordezkatu eta pasabidea osatzen duten horma, sabai eta zutabeak zuriz margotuko dira. Horretarako hormetan egun dauden azulejuak kendu eta zarpiatuko dira, ondoren margotu ahal izateko. Eraikinaren behe solairua eta azpiko garajeen artean inpermeabilizaziorik ez dela eta, udal-langileentzat pasabidea garbitu eta mantenu lanak egiteko oztopo da, garajeetara ura filtratzen baita. Horri konponbidea emateko, egungo zoladuraren gainean mekratilatozko zoladura iragazkaitz bat jarriko da”.