Lainoek uzten badigute, ilargi-eklipse partziala ikusteko aukera gaur gauean

Noaua Aldizkaria 2019ko uzt. 16a, 11:00

Egunerokoan bizi eta ikusi ezin dugun fenomenoaz gozatzeko aukera izan dezakegu gaur gauean; ilargi-eklipse partzialaz. Beti ere, lainoek trabarik egiten ez badute.

Lainoek eragozten ez badute, ia hiru orduz gozatu ahalko dugu ilargi-eklipse partzialaz. Ilargia irtengo den unean, gaueko 22:00etan hasi eta goizaldeko ordubatak ingurura arte. Eklipse hau Lurrak eguzkiaren argia ilargira heltzea eragozteari esker gertatuko da. Euskal Herrian soilik ez, mundu zabalean ere biziko dute eklipse hau; Hego Amerikatik, Europatik, Asiatik, Afrikatik, Australiatik eta Ameriketako Estatu Batuetako ekialdetik ikusi ahalko dute. 

Udako bigarren eklipsea dugu gaurkoa. Lehenengoa uztailaren 2an izan zen. Orduko hartan, eguzki-eklipse osoa izan zen, baina Amerikatik eta Ozeano Bareko hegoaldetik soilik ikusi ahal izan zuten.

Urte hasieran ilargi eklipse osoa izan genuen, baina hodeiek eklipse honetaz gozatzeko aukera ukatu ziguten joan den urtarrilean. Gaurkoaz gozatzerik ez badugu lasai, 2020an ilargi-eklipse partzial gehiago izango dira eta 2021ean eklipse osoa!

EUSKALMET-EN EGUNOTARAKO IRAGARPENA
Uztailak 16, asteartea
"Gaur hodei gehiago ikusiko ditugu. Goizean behe-hodei batzuk izango ditugu ipar partean, baina ez dute zerua guztiz estaliko eta ostarteak ere zabalduko dira. Arratsaldean hodeiak edonora iritsiko dira, baina kasu horretan goi-hodeiak izango dira eta zeruari urdintasuna kendu besterik ez diote egingo. Iparraldeko haizea ibiliko da eta tenperaturan ez da aldaketa handirik espero".

Uztailak 17, asteazkena
"Asteazkenean zeruan behe-hodeiak nagusituko dira tarteka. Ipar edota ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da eta tenperatura ez da igoko, agian pixka bat jaitsiko da txoko batzuetan. Zeruan behe-hodeiak ikusiko ditugu eta zenbait momentutan ugariak izango dira, batez ere kantauri isurialdean; bertan giroa ilunagoa izango da. Araba hegoaldean eta Nafarroa erdi eta hegoaldean, aldiz, hodeiak eta urdinguneak tartekatuko dira".

Uztailak 18, osteguna
"Ostegunean behe-hodeiekin jarraituko dugu, egunaren lehen zatian batez ere. Goizaldean eta goizeko lehen orduetan zerua estalita egongo da ia edonon, hegoaldean izan ezik, eta kantauri isurialdean baliteke euri pixka bat egitea. Arratsaldean hodeitzak saretzera egingo du eta iparraldean ere ostarte batzuk zabal litezke. Ipar-haizea nagusituko da berriz ere eta tenperatura maximoak pixka bat jaitsiko dira".

Informazio eguneratua, hemen: euskalmet.eus