Pelaxen kontzertua 22:00etan, Laboaren Uztaileko plazan: “Eskertzen ditugu halako mimoz antolaturiko zikloak”

Noaua Aldizkaria 2019ko uzt. 18a, 10:29
Argazkiaren egilea: Nagore Legarreta.

Erdibidera heldu den Mikel Laboaren omeneko zikloak beste bi gonbidatu hartuko ditu, musikaz girotuko dizkiguten datozen bi ostegun gauetan; Unai Pelayo edo Pelax uztailaren 18an, Miren Narbaiza edo MICE hilaren 25ean. Bi emanaldiak 22:00etan Mikel Laboa plazan. Unai Pelayo "Pelax"-ekin bildu da NOAUA!.

Unai Pelayo (Pelax): “Eskertzen ditugu halako mimoz antolaturiko zikloak”
Laboaren Uztailan parte hartutakoa zara lehendik?
Unai Pelayo (Pelax): 
Duela pare bat urte egon nintzen nire lagun Beñat Antxustegirekin. Giro oso polita izan zen. Bertan arnasten da aura berezi bat. Oso toki polita da Mikel bera omentzeko eta euskal kantagintzari ere bere plaza emateko. Usurbilen lagun asko dut, bertan aritzen naizen bakoitzean oso ondo sentitzen naiz.

Bakarlari gisa zatoz, baina hainbat musikarirekin elkarlanean aritzen zara bakarrik baino sarriagotan?
Baditut kontzertuak bakarka izaten ditudan garaiak. Orain rock taldearekin asko entseatzen, sortzen eta emanaldi gehiago eskaintzen ari naiz. Beti gustuko izan dut beste formatuak probatzea, norberarentzat aberasgarria da tesitura ezberdin horietan aritzea. 

Lan berria kaleratuta zatoz Usurbila.
Azken hilabeteotako lana izan da. Kaleratu dugun azkeneko izenik gabeko eta rock progresibo estiloko diskoaren emaitzarekin nahiko pozik gara. Oso dibertigarriak egiten ari zaizkigu aurkezpen kontzertuak. 

Aurkezpen emanaldietatik aldenduko da Usurbilgoa?
Bakarka jotzeak badu abantaila handi bat; azken unera arte egon ahal zara zerekin topatuko zaren eta zer joko duzun jakin gabe. Askatasun hori oso gustuko dut. Ziur disko berri honetako kantuak ere animatuko naizela jotzera, aurreko diskakoak, bertsio kuttunak, gustatzen zait ere inprobisatzea efektuekin, etxean aritzen naizen gauzatxoekin… 

Bakarlariok Usurbilgo zikloa bezalako ekimenak, beharrezko dituzue halako plazak?
Bai direla beharrezkoak ze formatu txikiko kontzertuek behar dituzte baldintza zehatz batzuk. Giro lasaian isilik entzuteko eta muntaketarako errazak diren toki horiek maite ditut. Formatu txikiko kontzertuen eskaintza asko zabaldu da, baina denak ez dira aproposak. Halako kontzertuek behar dute atentzio berezi bat antolaketa aldetik eta beti ez da bermatzen. Laboaren Uztaila asko zaintzen den agertoki bat da. Eskertzen ditugu halako mimoz antolaturiko zikloak.

Ostegunean zer aurkituko dugu zure emanaldian?
Musika zale batentzat esker oneko emankizuna izan daiteke. Filtro askorik gabeko bakarlaria topatuko du. Joko dena bene benetakoa izango da, atrezzo askorik gabe.