Xua Gurasoekin Etxera

Euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazio gehiago asteotan

Noaua Aldizkaria 2019ko uzt. 19a, 18:06

Elkarretaratzeak iragarri dira Usurbilen eta hondartzetan; gugandik gertuen Orion. Hitzorduotan presentzia izango du noski, "Xua Gurasoekin Etxera" herri ekimenaren aldarriak.

"10 urte kartzelan. Olatz eta Patxirekin Xua etxera!" aldarriarekin egin dio harrera herritar talde batek, ostiral arratsalde honetan herria zeharkatu duen Sareren "Orain presoak" bizikleta martxari. Gogoan izan, 10 urte bete zituzten espetxean ekainean Olatz Lasagabasterrek eta Patxi Urangak. Egun, Valentziako Picassenteko espetxean daude haien haur Xuarekin batera. Xuak hiru urte beteko ditu urtarrilean eta espetxetik irten beharko du, Euskal Herrira etortzeko. 

Olatzek eta Patxik espetxe zigorraren hiru laurdenak beteta jada kalean behar zutenez, hirurak, Lasagabaster, Uranga eta haien haur Xua etxera etortzearen alde lan egiteko sortua dute haien Usurbilgo eta Orioko lagunek "Xua Gurasoekin Etxera" herri ekimena. 

Ekainean aurkeztu zuten jendaurrean eta hainbat ekintza iragarri zituzten irailetik aurrera; sinadura bilketa, mozio aurkezpenak, kanta baten sorrera, postal bidalketa, arropa salmenta... Lehenago ordea, aldarri hau presente izango duten mobilizazio gehiago iragarri dira:

EUSKAL PRESOEN ESKUBIDEEN ALDEKO DATOZEN MOBILIZAZIOAK
Uztailak 26, ostirala:
20:00 Euskal presoen eskubideen aldeko elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.
Deitzailea: Usurbilen Nahi Ditugu.

Abuztuak 4, igandea:
12:00 Euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazioak hondartzetan. Oriokoan, “Xua Gurasoekin Etxera” herri ekimenaren aldarria presente izango da.
Deitzailea: Etxerat.

Abuztuak 30, ostirala:
20:00 Euskal presoen eskubideen aldeko elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.
Deitzailea: Usurbilen Nahi Ditugu.

Irailetik aurrera:
"Xua Gurasoekin Etxera" herri ekimenaren ekintzen abiatzea.