Rikardo Arregiren inguruko film labur bat grabatuko dute abuztuan Usurbilen

Noaua Aldizkaria 2019ko uzt. 24a, 10:14

Udarregiren omenezko eskultura ondoan egingo da grabazioa.

Maluta Films ekoiztetxeak Rikardo Arregiri buruzko film labur bat grabatuko du uda honetan. Usurbil izango da filmeko lokalizazioetako bat. Pasarte horiek grabatzeko extrak behar dituzte. Abuztuaren 17a izango da filmaketa eguna. 08:00etatik 19:00etara, frontoiaren ondoko plazatxoan, Udarregiren omenezko eskulturaren inguruan. Parte hartu nahi dutenei deialdia luzatu diete.

"Rikardo Arregi, iraultzailearen presak". Izenburu hori izango du film laburrak. Maluta Films ekoiztetxeak ohar bidez jakinarazi duenez, jendea behar dute grabaketa egunerako. Hauxe da NOAUA!ra igorri dute idatzia: “Errodajean parte hartu nahi duzuen guztiok, mesedez, bidali zuen datuak eta argazki bat cristina@malutafilms.eus helbide elektronikora. Trukean, egun zoragarri bat pasatuko duzue, Usurbilgo 60ko hamarkadako gertaera esanguratsuenetako bat berregiten eta bazkari eder batera gonbidatuko zaituztegu”.

Ekoiztetxeak Andoain eta Usurbil herrietan osatu nahi du laburmetraia, abuztuaren erdialdera. 1966ko maiatzaren 22an, Udarregiren omenezko eskulturaren inaugurazio ekitaldian, Rikardo Arregi kazetariak hitzaldi gogoangarria eskaini zuen Usurbilen. Audioa grabatua izan zen eta Aiurrik bideo hau osatu zuen Rikardo Arregiren solasaldiarekin: 

 

Arregiren heriotzaren 50. urteurrena

1969ko uztailaren 10ean hil zen Mendaro aldean auto istripuan Rikardo Arregi Aranburu idazle eta ekintzaile andoaindarra. Elkar argitaletxeak gertaera eta garai hura islatu zuen artikulu batean:

"Duela 50 urte gaurko egunez, 1969ko uztailaren 10ean hil zen Mendaro aldean auto istripuan Rikardo Arregi Aranburu idazle eta ekintzaile andoaindarra. 26 urte besterik ez zituen arren, idazle gazte hark egundoko eragina izan zuen bere garaian, berak sortua baita, besteak beste, alfabetatze mugimendua. Arregik utzitako arrasto sakonaren froga da heriotza hari loturik dauden idazleen zerrenda, XX. mendeko euskal kulturaren berrikuntza markatu zuten izen nagusiak: Txillardegi, Gabriel Aresti, Ramon Saizarbitoria, Ibon Sarasola, Arantxa Urretabizkaia… Hemen kontatuko dizugu lotura horren nondik norakoa.

Garai hartan Txillardegi Bruselan bizi zen, erbesteraturik, eta bertatik idatzi zuen bere hirugarren eleberria, Elsa Scheelen. Berau argitaratzeko gertu agertu zen Gabriel Aresti, berak sorturiko Kriseilu zigiluan. Aldi berean, Donostian, Ramon Saizarbitoriak, Ibon Sarasolak, Arantxa Urretabizkaiak eta beste zenbait lagunek Lur argitaletxea sortzekotan ziren, eta tratuan ziren Gabriel Arestirekin ere. Hain zuzen, elkarrizketa horietatik atera zen argitaletxe bakarra eratzeko asmoa. Arestik jada ordaindua zuenez Elsa Scheelen-en edizioa, ale horiek Lur-en esku utziko zituen, eta ordainetan, Arestiri auto bat emango ziotela adostu zuten, Lur-ekoen lagun baten Seat 850 bat.

Euskaltzaindiak Bilbon egingo zuen batzar bat aprobetxatuz, Ramon Saizarbitoriak eta Rikardo Arregik hartu zuten kotxea, han Arestiri entregatzeko. Zoritxarrez, ez ziren inoiz iritsi, bide erdian istripua izan baitzuten eta bertan hil baitzen Rikardo Arregi".