Hurbilagoren 100 euroko lehen bi sariak banatu dituzte

Noaua Aldizkaria 2019ko uzt. 26a, 16:15
Pepita Arrillaga lehen saritua

Uda honetan Hurbilago Elkartean antolatutako fideltasun sariek lehen bi sarituak badituzte jada: Pepita Arrillaga eta Mari Jose Uribe. Beste hiru bezerorentzat izango dira udako sariak oraindik. Libreta osatzen lehenak diren 5 bezeroentzako sariez gain, epe luzeagoan libreta osatzen dutenek ere zozketa batean parte hartzeko aukera izango dute, 500 euroko saria zozketatuko baita. Hurbilagok bezeroak animatu nahi ditu, erosketak herrian eginez zozketa horretan parte hartzera.

Usurbilen bizi eta erosteak 100 euroko bost opari dakartza uda honetan, Hurbilago Elkarteak abiarazi duen “Zure fideltasunak saria du” ekimenaren eskutik. Usurbilgo ostalari eta merkatarien bilguneko saltokietan erosketak egiterakoan, kanpainako eskuorri bat jasoko dute bezeroek eta bertan itsatsi behar dira pegatinak. 10 euroko erosketa bakoitzeko pegatina bat eskuratzen da.

Herriko saltokiekin bezeroek duten fidelizazioa bermatzeko erosketak denetariko dendetan egin behar dira. Eskuorriko hutsuneak betetzeko 20 pegatina lortu behar dira janari dendetan, hamarna eskuratu behar dira moda eta osagarrien zein edertasun eta osasunaren dendetako erosketetan. Bosna pegatina aldiz, liburu eta jostailu dendetan eta etxeko artikuluak saltzen dituztenetan.

Eskuorrian bertan daude pegatinak eskuratzeko zenbat erosketa eta non egin behar diren. Beharrezko pegatina guztiak itsastea lortzean, fidelizazio eskuorri edo kartillan datu pertsonalak idatzita, Usurbil Optikara eraman. Hala egiten duten lehen bost lagunek, bakoitzak Hurbilago elkarteko kide diren saltokietan xahutu ahalko duen 100 euroko erosketa balea eskuratuko du. Lehenengo bost sarituak agertzen direnean bukatutzat emango du kanpaina Hurbilagok. Esan bezala, oraindik beste hiru saritu falta dira. Hurbilagok iragarri duenez, irailean kanpainaren edizio berri bat abiaraziko dute.