Euskalmet-ek iragarri duenaren arabera, ekaitz giroa izango dugu astelehen arratsalde eta gau parte honetan. 18:00etan hasita goizaldeko 3:00ak arte abisu horian egongo gara "prezipitazio handiagatik". Euskal meteorologia agentziak ohartarazi duenez, "EAEko zenbait lekutan ordubetean 15 l/m² baino gehiago pila daitezke. Zaparrada ertainak eta trumoitsuak botako ditu; zenbait lekutan handiak izan daitezke eta txingorra egin dezake. Ekaitz-guneetan haize-boladak gogorrak izan daitezke".
EGUNOTARAKO IRAGARPENA
Abuztuak 26, astelehena
"Eguraldi nahasia. Goizean ateri egongo da eta ostarteak zabalduko dira, nahiz eta goizeko lehen orduetan behe-hodeiak nagusitu. Arratsaldetik aurrera bero-hodeiak ugarituz joango dira eta litekeena da ekaitzak jotzea; zaparrada trumoitsuak bota ditzake eta baliteke zenbait lekutan gogotik egitea. Hego-haizearen ondorioz isurialde atlantikoan tenperatura maximoek nabarmen egingo dute gora. Balio altuenak 30 ºC-ra hurbilduko dira".
Abuztuak 27, asteartea
"Asteartearen hasieran ere eguraldia nahasia izango da; zerua hodeitsu agertuko da eta zaparrada trumoitsu batzuk bota ditzake goizaldean. Eguerdi aldera argitzera egingo du, baina arratsaldean berriro ere hodeiak pilatu egingo dira, eta baliteke ekaitzak jotzea eta zaparradak botatzea. Kostaldean mendebaldeko haizea ibiliko da, arratsaldean barnealdean iparraldetik joko du eta tenperatura maximoak jaitsi egingo dira".
Abuztuak 28, asteazkena
"Asteazkenean eguraldi egonkor eta argiagoa. Hegoaldean eguzkitsu egongo da, eta iparraldean hodeiak eta ostarteak izango ditugu. Arratsaldean baliteke kantauri barnealdean zaparrada batzuk botatzea han-hemenka. Haizea aldakor ibiliko da, eta arratsaldetik aurrera iparraldekoa nagusituko da. Tenperatura igo egingo da, bereziki hegoaldean. Balio altuenak 30 ºC-ra hurbilduko dira barnealdeko leku askotan eta kostaldean 25 ºC ingurura".
Informazio eguneratua: euskalmet.eus