Masusta Kofradiaren festa eguna gaur

Masustari gorazarre egiten dion bilgunea ostiral honetan, irailaren 6an elkartuko da Artzabalen. Iazko jaialdian hautatu zuten kofradekide berriak zin egingo du urtez urte hazten doan bilgunearen festan eta 2020ko jaialdiko kofradegaia izendatuko dute, guztia masusta osagai nagusia izango duen kantu afariaren baitan. 

Ostiral honetan (irailak 6) ospatuko du Masustaren Kofradiak bere urteko egun handia, 21:00etan hasita Artzabalen. Jaialdi irekia izango da herritar ororentzat. Bertaratu nahi duenak aurrez eman dezala izena jaia ospatuko den leku berean.

Aipatu moduan, hazten doa kofradia. Bost lagunek 2007an Txirristran sortu zutenetik, urtero izendatu izan dute kofradekide berri bat. Aurtengoa hamazazpigarrena izango da. Kantu artean hartuko dute, besteren artean, bilguneak duen ereserkia abestuz eta egoki jantzita.

Jaialdian zehar noski, etengabe egingo zaio gorazarre masustari; propietateak zeintzuk diren gogoraraziko dute urtero moduan.

MASUSTA KOFRADIAREN JAIA
Eguna: irailak 6, ostirala.
Ordua: 21:00.
Tokia: Artzabal.

Egitaraua:
· Afari irekia Artzabal tabernan. (aldez aurretik izena eman behar da). 
· Kofradegaiaren aurkezpena.
· Jantzi banaketa eta janztea.
· Masustaren propietateen irakurketa.
· Kofrade berriaren zin egitea.
· Hurrengo urterako kofradegaiaren izendapena. 
· Masustaren ereserkia.

MASUSTAREN ERESERKIA
Larraren fruitu da bera
garaian zein ugaria!
ale txikiena ere
elikagaiz da haundia.
Horregatik, guk, zaleok,
izan dugu ausardia
Usurbilen eratzeko
masustaren kofradia.

Masusta heldu denean
beltza da bainan garbia
elikatzeaz gainera
arazten duen jakia.
Horregatik, guk, zaleok,
izan dugu ausardia
Usurbilen eratzeko
masustaren kofradia.

Erromatarrek zioten
oso estimu handia
guk ere gora dezagun
merezi duen guztia.
Horregatik, guk, zaleok,
izan dugu ausardia
Usurbilen eratzeko
masustaren kofradia.