Hutsik dagoen merkataritza lokal batean jarduera ekonomiko berri bat jartzeko diru-laguntza deialdia
Deialdi honen xedea, hutsik diren lokal komertzialak biziberritzea litzateke. Guneotako batean negozio berri bat jarri nahi duen ekintzaileak eska diezazioke laguntza honek eskaintzen duen babes ekonomikoa Udalari. Jasotako dirua, lokalaren alokairua ordaintzeko litzateke. "Diru-laguntza honen bitartez gehienez ere bi urteren alokairu gastuak diruz lagunduko dira: lehenengo urtean alokairu gastuaren % 40a, gehienez ere 300 € hilean; bigarren urtean gastuaren % 30a, gehienez ere 200 € hilean".
Ekintzailea Usurbilen bizi daiteke edo ez. Lehentasuna izango dute, "herri gunean nahiz auzoetan gaur egun herritarrei eskaintzen ez zaizkien zerbitzuekin lotura duten proiektuek" edota "ixtera doazen edo itxi berriak diren jardueren jarraipenekoak diren proiektuek".
Ekintzaileak ezingo du lokalik jabetzan izan, aurrez hutsik zegoen alokairuan izan beharko du lokala, gehienez 5 langileko lan taldea izan beharko da... Eskabideak irailaren 30era arte aurkeztu ahal daitezke. Informazio gehiago, hemen: otsailaren 12ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala
Deialdi honek bi ebazpen izango ditu. Lehenengoa, apirilaren 30era arte aurkezturiko eskarien gainekoa, maiatzaren 23an eman zuen ezagutzera Usurbilgo Udalak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez. Eskaera bakarra aurkeztu zen tarte horretan; Etxebeste 15 kalean kokatua dagoen higiezinen agentziarena. Oraindik halere, eskabideak aurkezteko epeak zabalik segiko du irailaren 30era arte. Epe hau igarota kaleratuko du Udalak, ordura arte jasotako eskabideen gaineko bigarren eta azken ebazpena.
Hasiz Hazi beka deialdia
Kabiene Elkarlan Gunean diruz lagundutako urtebeteko egonaldia egitea ahalbidetzen duen beka deialdi berria iragarri du Usurbilgo Udalak. 2019. urtean enpresa proiektu berri bat duen Beterri-Buruntzako udalerriren batean erroldatua dagoen ekintzaileari zuzendua dago deialdia. “Elkarlan gune hau, lanerako espazio bat ez ezik, baliabideak eta esperientziak partekatzeko leku bat izango da. Bekadunek bertan lanean ari diren kideen esperientziatik ikasi ahal izango dute eta harreman-sare indartuago batekin ekin ahal izango diote lanari”. Horrekin batera, “Beterri-Buruntza ekinean, enpresak sortzen laguntzeko aholkularitza zerbitzuaz baliatu ahal izango dira”. Informazio gehiago, maiatzaren 31ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean edo udaletxean. Eskabideak aurkezteko irailaren 30era arteko epea izango dute interesdunek.