Usurbilgo Gizarte Zerbitzuak ere, Emakunderen mapa geolokalizatuan

Noaua Aldizkaria 2019ko abu. 28a, 12:42

Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei zuzenduriko arretarako baliabide eta zerbitzuen mapa geolokalizatua aurkeztu du uda honetan Emakundek. Emakumearen Euskal Erakundearen mapa horretan ageri dira Usurbilgo Udaleko Gizarte Zerbitzuak.

Aipatu mapa geolokalizatuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan indarkeria matxistari erantzuteko dauden baliabide eta zerbitzuak islatzen ditu; udalerri bakoitzak eskaintzen dituen zerbitzu publikoak eta zerbitzuok non dauden zehazki. "Barnean hartzen ditu emakumeen aurkako indarkeriaren biktima diren emakume eta adingabeentzako programak eta zerbitzuak, dela administrazioak berak zuzenean kudeatzen dituenak, dela erakunde pribatuekin egindako hitzarmenen bidez ematen direnak", berri eman du Emakundek.

Mapa horretan islatua ageri da baita Usurbilek eremu honetan duen eskaintza; "Informazio, balorazio eta diagnostiko espezializatutako zerbitzua". Mapa geolokalizatuak egoki asko zehazten duen moduan, Usurbilgo Udalak eskaintzen eta kudeatzen du baliabide hau, Kale Nagusia 43an duen Gizarte Zerbitzuen egoitzan. Telefono zenbakia: 943 377 110.

Lehen arreta gunea
Hitzokin deskribatzen du mapak Usurbilgo zerbitzua: "Oinarrizko gizarte-zerbitzua arretaren unitate balioaniztuna eta diziplina anitzekoa da, udalaren gizarte-zerbitzuetan integratua, eta unitate horrek herritarrak Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemarako sarbidea izateko lehen puntu gisa jarduten du".

Mapak Eusko Jaurlaritzako bost sailek, hiru Foru Aldundiek eta EAE osoko udal eta mankomunitateek hornituriko informazioak biltzen du. "Informazioa baliabide bakoitzak ematen duen laguntza motaren arabera sailkatu da: segurtasuna, informazioa eta orientazioa, arreta psikologikoa, laguntza juridikoa, laguntza ekonomikoa, bizitegi- edo etxebizitza-laguntza, osasun-laguntza eta beste batzuk".

Mapa esteka honetan kontsulta dezakezue: Emakunderen mapa geolokalizatua