Usurbilgo eguraldi iragarpena, noiznahi euskaraz Euskalmet-en

Noaua Aldizkaria 2019ko abu. 28a, 12:15

Orduro, egunez egun eta astean zehar Usurbilen izango dugun giroaren berri eskaintzen hasi da Euskalmet euskal meteorologia agentzia.

Usurbilgo giroaren berri noiznahi eta euskaraz jasotzeko Euskalmet euskal meteorologia agentziaren web orrialdera jo besterik ez duzue. Iragarpen orokorra egiteaz gain, herriz herrikako datuak eskaintzen hasi dira orain. 

Datuok eskutan, asteazken honetan esaterako, Euskalmet-en arabera, Usurbilen "zerua hodeitsu egongo da goizean goiz eta arratsalde-gauean; egunaren erdiko orduetan zerua partez hodeitua egongo da. Haizea ahul eta aldakor ibiliko da, arratsaldean ipar-osagaitik finkatuko da, ahul, tarte biziekin. Tenperatura maximoak gutxi igoko dira". 

Orduz orduko iragarpena eskaintzen digu Euskalmet-ek. Zerua oskarbi edo hodeitsua izango dugun, euria egingo ote duen, haizeak nondik eta zer nolako indarrarekin joko duen edota zenbateko tenperatura izango dugun. Orduz orduko iragarpena, egunez egunekoa eta aste osokoa baita. Datozen zazpi egunetarako Usurbilgo iragarpenaren nondik norakoak ere eskaintzen baititu Euskalmet-ek. "7 egunetarako egiten diren iragarpen automatiko hauek probabilitate handieneko joera bat bezala hartu behar dira eta ez da ahaztu behar, kasu gehienetan, iragarpenaren irismena handitu ahala, fidagarritasuna txikitu egiten dela", ohartarazten du Euskalmet-ek. 

Esteka honetan jaso dezakezue Usurbilgo iragarpenaren berri: Euskalmet