Udarregiri eginiko omenaldia biziberritu zuten, Rikardo Arregiri buruzko film grabazioan

Noaua Aldizkaria 2019ko abu. 29a, 09:15

"Rikardo Arregi, iraultzailearen presak" filmaren zenbait pasarte grabatu zituzten abuztuaren 17an, Usurbilgo frontoi atzealdean. Ondoko irudia, Maluta Films ekoiztetxeak eginikoa da.

Abuztuaren 17a ezohiko film grabalekuan bilakatu zen Usurbil, zehazkiago aipatzearren frontoi atzealdea. "Usurbilen, Udarregiri egindako omenaldia biziberritzen" berri eman zuen egun hartan sare sozialen bidez Malta Films ekoiztetxeak. "Rikardo Arregi, iraultzailearen presak" film laburreko pasarteetako batzuk aritu ziren grabatzen. Frontoi atzealdean aipatu moduan, Remigio Mendiburuk sortutako Udarregiren omenezko eskulturaren bueltan.

Ekoiztetxeak aurrez eginiko deialdiari erantzunez, bertaratu ziren figuranteekin bideratu zuten grabazioa. Ekoiztetxeak Andoain eta Usurbil herrietan osatu nahi zuen laburmetraia, abuztu erdialdean.

Rikardo Arregiren hitzaldia
1966ko maiatzaren 22an, Udarregiren omenezko eskulturaren inaugurazio ekitaldian, Rikardo Arregi kazetariak hitzaldi gogoangarria eskaini zuen Usurbilen. Audioa grabatua izan zen eta Aiurrik bideo hau osatu zuen Rikardo Arregiren solasaldiarekin:
 

 

Arregiren heriotzaren 50. urteurrena 

1969ko uztailaren 10ean hil zen Mendaro aldean auto istripuan Rikardo Arregi Aranburu idazle eta ekintzaile andoaindarra. Elkar argitaletxeak gertaera eta garai hura islatu zuen artikulu batean:

"Duela 50 urte gaurko egunez, 1969ko uztailaren 10ean hil zen Mendaro aldean auto istripuan Rikardo Arregi Aranburu idazle eta ekintzaile andoaindarra. 26 urte besterik ez zituen arren, idazle gazte hark egundoko eragina izan zuen bere garaian, berak sortua baita, besteak beste, alfabetatze mugimendua. Arregik utzitako arrasto sakonaren froga da heriotza hari loturik dauden idazleen zerrenda, XX. mendeko euskal kulturaren berrikuntza markatu zuten izen nagusiak: Txillardegi, Gabriel Aresti, Ramon Saizarbitoria, Ibon Sarasola, Arantxa Urretabizkaia… Hemen kontatuko dizugu lotura horren nondik norakoa.

Garai hartan Txillardegi Bruselan bizi zen, erbesteraturik, eta bertatik idatzi zuen bere hirugarren eleberria, Elsa Scheelen. Berau argitaratzeko gertu agertu zen Gabriel Aresti, berak sorturiko Kriseilu zigiluan. Aldi berean, Donostian, Ramon Saizarbitoriak, Ibon Sarasolak, Arantxa Urretabizkaiak eta beste zenbait lagunek Lur argitaletxea sortzekotan ziren, eta tratuan ziren Gabriel Arestirekin ere. Hain zuzen, elkarrizketa horietatik atera zen argitaletxe bakarra eratzeko asmoa. Arestik jada ordaindua zuenez Elsa Scheelen-en edizioa, ale horiek Lur-en esku utziko zituen, eta ordainetan, Arestiri auto bat emango ziotela adostu zuten, Lur-ekoen lagun baten Seat 850 bat.

Euskaltzaindiak Bilbon egingo zuen batzar bat aprobetxatuz, Ramon Saizarbitoriak eta Rikardo Arregik hartu zuten kotxea, han Arestiri entregatzeko. Zoritxarrez, ez ziren inoiz iritsi, bide erdian istripua izan baitzuten eta bertan hil baitzen Rikardo Arregi".