Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako saioetarako sarrerak salgai

Noaua Aldizkaria 2019ko ira. 2a, 08:19

Irailaren 14an Oñatin hasi eta abenduaren 14an Donostiako Illunben amaituko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako saioetarako sarrerak salgai izango dituzue gaurtik. Usurbildik gertuen Andoainen eta Lasarten iragarri dituzte txapelketako hitzorduak. 

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako saioak ikusteko sarrerak, salgai jarriko ditu gaurtik antolakuntzak, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak. Baita irailaren 14an hasita hiru hilabeteko txapelketa borobilduko duen abenduaren 14ko Donostiako Illunbeko final handikoak ere; bai saio solteetarako txartelak eta baita bonu kopuru mugatua ere Bertsozale Elkarteko bazkideentzat.

Sarreren salmenta martxan jarrita, ate joka, abiatzear da lau urtez behin Gipuzkoako bertsolari eta bertsozaleak elkartu ohi dituen txapelketa. Zubietak eta Aginagak ordezkari bana izango dute. Lau urtez behin ospatzen den hitzorduan oholtza gainean bertsotan entzungo dugu Asier Azpiroz Iztueta zubietarra eta gai-jartzaile lanetan, Inaxio Usarralde Arantzadi aginagarra. Azpirozek irailaren 21ean Ordizian ospatuko den final-zortzireneko saioan parte hartuko du.

Pello Errota bertsolaria hil zeneko mendeurrena betetzen denez aurten, berari eta Mikaela Elizegi bertsolariari keinu txiki bat egin nahi die Gipuzkoako Bertsolari Elkarteak. Horregatik, bien sorterrian, Asteasun ospatuko da irailaren 7an, parte hartzaileekin egingo den txapelketako aurkezpen festa.

GIPUZKOAKO BERTSOLARI TXAPELKETA
Iraupena: irailak 14 (Oñati)-abenduak 14 (Donostiako Illunbe).
Lehiakideak: 48 (tartean Asier Azpiroz Iztueta zubietarra). Haietatik zortzi sailkatuko dira Illunbeko final handirako.
Lehiakideekin batera: 15 gai-jartzaile (tartean Inaxio Usarralde Arantzadi aginagarra), 16 epaile eta 4 idazkari eta laguntzaile.
Ospatuko diren saioak: 16 (Usurbildik gertuen, azkeneko final-zortzirena Lasarte-Orian urriaren 5ean eta lehen final-laurdena Andoainen urriaren 19an). 
Sarreren salmenta: irailaren 2tik aurrera, bertsosarrerak.eus atarian.
Txapelketaren sintoniaren sortzailea: Don Inorrez taldea.
Txapelketaren irudi eta diseinu lanak: Lanku Kultur Zerbitzuak.
Txapelketaren gaineko informazioa:
bertsozale.eus
bertsoa.eus

Irudiaren egilea: Gipuzkoako Bertsozale Elkartea.