Irailaren 9an abiatuko du Zumartek, 2019-20 ikasturtea

Noaua Aldizkaria 2019ko ira. 4a, 11:38

Aurreko ikasturtean bezala, Kale Nagusiko eraikina birgaitze eta handitze lan betean dutenez, behin behineko tokietan bilduko dira musikariak. Klaseak Udarregi Ikastolan, Santueneko frontoi atzeko edota Puntapax kaleko lokaletan eskainiko ditu Zumartek.

2019-20 ikasturtea, datorren astelehenean, irailaren 9an abiatuko dute. "Gela-ordutegiak berrantolatu ditugu", ohartarazi du musika eskolak web orrialde bidez. Klaseen antolaketa modu honetan bideratu dute aurtengoan:
-Udarregi Ikastolako eraikin gorrian: Musika Txokoa, Musika Mintzaira 1.A (Araitz)/4.A (Amagoia), abesbatza, klarinetea, pianoa, trikitixa, panderoa.
-Agerialdeko eraikin txurian: Musika Mintzaira 1.B-2-3-4.B (Joxean),  biolina, tronpeta, tronboia, eskusoinua, saxofoia, talde instrumentala, txaranga, txistua (haurrak).
-Santueneko frontoiko lokalean: perkusioa, gitarra, rock-pop taldeak.
-Puntapax kaleko lokalean: bulegoa, irakasle gela, flauta, txistua (helduak).
-Elizan: organoko klaseak.

Informazio gehiago:
943 371 594
zumarte.eus
bulegoa@zumarte.eus
Puntapax kalea, 10 behea

Moyua enpresaren obra kontratuan aldaketak
Zumarte Musika Eskola birgaitu eta handitzeko Construcciones Moyua enpresarekin izenpetutako obra kontratuan aldaketak eskatu zituen enpresak; 22 asteko obra luzapena eskatzen zuen enpresak errekurtso bitartez. Udalbatzak eskaera onartu zuen, uztailaren 23an egin zuen osoko bilkuran. 

Ez da obra kontratu horretan egin den lehen aldaketa. Kontratuaren exekuzioan sortutako beharrak tarteko, 58.623,91 euroko gastu gehigarria baimentzea onartu zuen gehiengo osoz udalbatzak, maiatzaren 23an egin zuten osoko bilkuran.

Bitartean, birgaitze eta handitze lan betean dute Kale Nagusiko Villa Pilar eraikina. Itxura hauxe du gaur: