2020ko Euskaraldia prestatzeko bilera irekia irailaren 10ean Potxoenean

Noaua Aldizkaria 2019ko ira. 4a, 16:08

Estreinako edizioak baino iraupen luzeagoa izan eta ariketa kolektibizatzeko apustua egingo duen Euskaraldiaren bigarren edizioa urtebete barru helduko zaigu. 2020ko ekimena prestatzeko bilera irekia deitu du Usurbilgo herritarren batzordeak irailaren 10erako 17:00etan Potxoenean.

"2020ko Euskaraldia prestatzeko lanak abiatzen ari dira Usurbilen. Horretarako bilera irekia izango da Potxoenean", iragarri dute Usurbilgo Euskaraldiko deitzaileek. Bilera irekiko hitzordua, aipatu moduan, datorren asteartean, hilak 10, 17:00etan Potxoenean.

Prestaketa lanak garaiz bideratzen hasi nahi du Usurbilgo herritarren batzordeak, izango da eta zereginik. Berrikuntzekin helduko zaigu 2020ko bigarren Euskaraldia. Estreinakoa baino luzeagoa izango da, 11 egun ez, 15 egunera luzatuko da hizkuntza ohituren inguruko ariketa hau. Urtebete barruko ekimenean ere Belarriprest eta Ahobizi rolekin egituratuko da Euskaraldia, eta norbera zer funtzio betetzen ari den txapekin adieraziko dugu. 

2020ko hitzordurako ordea beste berrikuntza nagusi bat iragarri dute; iraupena luzatzearekin batera, ariketa kolektibizatu nahi da. Hau da, bi lagunen arteko elkarrizketez gain, taldekako elkarrizketetara zabalduko da Euskaraldia, "ariguneak" izeneko bilguneen bidez. Ariguneok hizkuntz ohituren gaineko ariketa hau kolektiboki, hau da euskaraz lasaitasunez taldean aritzea ahalbidetuko dute. 

Barne zein kanpo "ariguneak" sortu nahi dira. Barne ariguneak, elkarte, lantegi, entitate barneko jardunean ariketa hau sustatzeko. Kanpo ariguneak, jendaurrera begirako guneetan Euskaraldia bultzatzeko; saltoki edo kaleko elkarrizketetan esaterako. Horregatik, bigarren ediziora begira, "enpresa, erakunde publiko, saltoki, elkarte eta entitateei haien jardunean euskararen erabilera indartzeko konpromiso zehatzak hartzea bultzatuko da".

Lehen edizioko emaitzak, laster
Adi bestalde, udazken honi; lehen edizioko Euskaraldiko emaitzak, datuak ezagutu ditugu. Euskaraldiak Euskal Herrian izandako eragina, baita herriz herrikako datuak ere. Soziolinguistika Klusterrak eginiko azterlan handiaren emaitzak laster ezagutuko ditugu. Gogoan izan, Euskaraldiaren eragina neurtzeko iazko Euskaraldia hasi aurretik, amaitu berritan eta handik hiru hilabetera galdetegi bat helarazi zigutela. Herritarrek osatutako galdetegion datuak emango dira ezagutzera.

2020ko Euskaraldia
Iraupen luzeagoa: 11 egun ez, 15 egun.
Datak: azaroak 20-abenduak 4.
Rolak: Ahobizi eta Belarriprest. Txapekin adieraziko dira.
Berrikuntza: ariguneak. Ariketa kolektiboki egiteko aukera.
Informazio gehiago:
euskaraldia.eus
usurbil.euskaraldia.eus