Auzune berria eraikitzeko lan betean Ugartondon

Ugartondo eremuak egun duen itxura.

Ugarte baserri atzeko eremuan lan betean dira, etorkizunean bertan kokatuko den auzunea eraikitzeko obretan hain zuzen. Babes ofizialeko 92 etxebizitzek beteko dute egun dagoen hutsunea, baita Txirikorda, belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioak ere.

92 etxebizitza
2018ko urtarrilean zozketatu zituzten Ugartondoko babes ofizialeko etxebizitzak eta etxebizitza tasatuak. Guztira, 92 etxebizitza esleitu ziren; babes ofizialeko 46 etxebizitza, beste 46 tasaturekin batera, bakoitza bere garaje eta trastelekuarekin. “Babes ofizialeko etxebizitzetan bi logelako 20 etxebizitza (horietako bi ezinduentzat egokituak) eraikiko dira, eta hiru logelako 26 etxebizitza. Tasatutakoetan ere, beste horrenbeste”, ohartarazi du Udalak. Horrez gain, salmenta libreko 31 etxebizitza ere eraikiko dituzte.

Kale izen berriak
Auzune berriak kale berriak izango ditu. Toponimiari edota lanbideei lotutako kale izen berriak, maiatzean udalbatzak osoko bilkuran onartu moduan. Haur Eskolara igotzeko aldapak bertan dagoen baserri izena hartuko du, Ugarte. Haur Eskolatik ezkerretara biratuta sartuko garen kaleak Arponari. Hortik Pikaola lur eremura helduko garenez, Alkartasuna Kooperatiba egoitza ohiaren atzealdea zeharkatuko duen kaleak Pikaola izena hartuko du. Eta Pikaolatik Puntapax aldera jaisteko kaleak Lakizar. Urbanizazio berriaren baitan, Pikaolarekiko paraleloa izango den kale berri bat ere sortuko da; Latsari izenekoa.

Txirikorda
Belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioa etorkizuneko Ugartondoko urbanizazio berrian kokatuko da. "Usurbilgo Udalak Ugartondoko urbanizazio berrian jasoko duen ekipamendu publikoan, herriko gazteentzat eta adinekoentzat etxebizitza komunitarioa sustatuko du. Europako iparraldeko herrialdeetan gero eta ohikoagoak dira halako etxebizitzak, baina Euskal Herrian ez. Usurbil izango da lehen udalerria halako egitasmo bat bideratzen, ekimen publikoz". Gogoan izan, urte hasieran bideratu zuen Udalak proiektu hau diseinatzeko parte hartze prozesua. Prozesu hartan definitu ziren Txirikordaren ezaugarri fisikoak edota bizikidetza arauak.

Aldaketa zirkulazioan
Gogoan izan, Ugartondoko lanak amaitu artean inguruko zirkulazioan aldaketak izango direla. Martxotik Pikaola Kaxkoarekin lotzen zuen bidea itxita dago. Ugarte baserri atariko bidea bi noranzkoetarako baliatzen da, eta semaforo batek arautzen du ibilgailuen joan etorria.

Erlazionatuak

Balantze gozoa, Txirikorda proiektuaz: "Bi kolektiboen ikuspuntuak osagarriak direla ikusi dugu"

Usurbil

Gazteak eta helduak elkarlanean txirikordatu dira azken hilabeteotan. Bi urte eta erdi barru inguru, Ugartondoko urbanizazio berrian kokatuko den b...
Belaunaldi artean landutako Txirikorda proiektu aitzindaria aurkeztu dute

Usurbil

Bi urte barru, Ugartondoko urbanizazio berrian kokatuko den Txirikorda, belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioa diseinatzeko urte hasieratik abi...