Herri erdiguneko pasabide iluna, argiztatu eta argitsua orain

Noaua Aldizkaria 2019ko ira. 5a, 09:22

Askatasuna plaza, Kaxkoa eta Kale Nagusia elkar hurbildu eta batean zein besteko herri bizitza eta tokiko merkataritza sustatzeko bi eremuak lotzen dituen Kale Nagusia 10eko pasabidea berritu eta argitzeko lanak bideratu ditu Udalak uda honetan. Ondoko irudiotan duzue emaitza. Horrekin batera, Olanoeneko plaza ingurua ere itxuraldatuko dute laster.

Usurbilgo espazio publikoa aktibatu, eta horrekin batera, herri bizitza eta tokiko merkataritza suspertzeko egitasmoa ari da gauzatzen Usurbilgo Udala Kale Nagusiaren bueltan. Kale Nagusia 10eko ondoko irudiko pasabidea berritu dute, eta laster lanak burutuko dituzte Olanoeneko plazan.

Egoera kaskarrean egon den Kale Nagusia ondoko pasabide hau itxuraz berritu du asteotan. Hauxe ziren egitekoak, Udaletik berri eman zigutenez: “Egoera kaskarrean den pasabideko sabaia berritu egingo da. Argiztapen berria jarriko da, sabai berrian sartutako luminarien bitartez. Egun duen kolore iluna ordezkatu eta pasabidea osatzen duten horma, sabai eta zutabeak zuriz margotuko dira. Horretarako hormetan egun dauden azulejuak kendu eta zarpiatuko dira, ondoren margotu ahal izateko. Eraikinaren behe solairua eta azpiko garajeen artean inpermeabilizaziorik ez dela eta, udal-langileentzat pasabidea garbitu eta mantenu lanak egiteko oztopo da, garajeetara ura filtratzen baita. Horri konponbidea emateko, egungo zoladuraren gainean mekratilatozko zoladura iragazkaitz bat jarriko da”.

Altzariak Olanoenean
Pasabide honetatik gertu den Potxoenea ondoko Olanoeneko plazatxo edo anfiteatroaren erabilera bultzatzeko, aipatu kultur etxeko estetikari jarraiki, bere parean haur eta helduentzako mahai eta eserleku finkoak jarriko ditu Udalak. Eta anfiteatroan bertan, egurrezko gunea baita lasai ederrean egoteko. 

Aipatu moduan, ekintzokin Askatasuna plazatik Kale Nagusirako oinezkoentzako egokitu eta erakargarri bihurtu nahi du Udalak, “herrirako sarrerako gune erreferenteetako bat bihurtzeko”. Bertako merkataritzari mesede egin eta herritar desberdinen arteko harremanak sustatzeko modu anitzetan erabili ahalko diren espazio inklusibo eta atseginak sortzeko baliabideak eskaini nahi ditu hartara Udalak.

Gogorarazi duenez, “Usurbilgo Merkatzaritza Biziberritzeko Planaren baitan merkataritza eremuan hiri ingurunea eta kale-merkataritza indartzeko azken urteetan egindako hirigintza lanen jarraipen bat ere bada”. Mikel Laboa plazaren bueltan eginiko hobekuntza lanak dira horren adibide: plaza bera oinezkoentzako egokitu, bertaratzeko oinezkoen pasabideak hobetu, eta bertatik Kale Nagusira jaisteko kaleak eraberritu ditu Udalak azken urteotan.

Hemen dituzue Olanoenea plazan lasai ederrean egoteko Udalak jarri asmo duen egurrezko egunearen foto muntaketa, Udalak berak helarazitako irudiak: