Euskara ikasi eta hobetzeko aukera paregabea dugu Buruntzaldean

2019-2020 ikasturte berrirako matrikulazio epea dagoeneko irekita dago. Euskara ikasteko aukera asko dago Buruntzaldeko sei herrietan: Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilen. "Hauxe da momentua eta aukera paregabea pausoa emateko: euskararik ez dakienak ikasteko eta euskaraz zerbait dakienak hobetzeko", Buruntzaldeko udal ordezkariek aditzera eman dutenez.

Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo Udalek bat egin dute beste behin ere. Euskara ikasi edo hobetzeko helburuarekin euskaltegietan izena emateko kanpaina abiarazi dute oraingoan. Aipatutako sei Udalak Andoainen elkartu dira gaur eguerdian 2019-2020 ikasturterako  matrikulazio kanpaina babestu eta herritarren artean bultzatzeko xedearekin.

 

Aukera zabala da

Euskaltegi guztietan dago astelehenetik ostirala bitarteko eskaintza, goizetan, eguerdietan eta arratsalde-iluntzeetan banatuta. Maila guztietako ikastaroak daude: A1, A2, B1, B2 C1 eta C2. Euskaltegira bertara joaterik ez duenak ere badu aukera autoikaskuntza sistemaz baliatzeko. Herri batean ez bada bestean aurkitu daitezke norberaren premia eta ordutegietara egokitutako aukera ezberdinak. "Euskaltegi guztiak daude HABEk homologatuak, eta profesional trebatuak dira klaseak ematen dituztenak", kanpainaren sustatzaileek aditzera eman dutenez.

 

Diruz lagundua

Buruntzaldean euskara ikastea oso merkea da. "Sei herrien artean badira ezberdintasun txiki batzuk, baina sei kasuetan ia-ia doakoa da, eta kasu batzuetan guztiz doakoa euskara ikastea, baldintza batzuk betez". Sei udalek ematen dituzte diru laguntzak, eta baldintzak oso antzekoak dira. Herri guztietan nahitaezkoa da bermatzea klaseetarako gutxieneko asistentzia mailaren bat (% 80 - % 85); diru laguntzen kopurua herriz herri aldatu egiten da, eta matrikularen % 70etik % 100era bitarteko laguntzak ematen dituzte Udalek.

Udal laguntza hauez gain, HABEk ere diru laguntzak ematen ditu. "Horregatik, bada, ez da garestia, merkea baizik, kasu askotan doakoa izateraino", euskara ikasteko euskaltegian matrikulatuta aritzea Buruntzaldean.

 

Matrikulazio epea zabalik

Matrikulazio eta informazio epea irekita dago (ikasketa-motak, ordutegiak, dirulaguntzak, eta abar). Euskaltegietan egin behar da matrikula, eta bertan eskuratu liteke norberak behar duen informazioa. Aldi berean, ordea, Interneten ere eskura liteke euskaltegiei eta euskara ikastaroei buruzko informazioa, bai udal bakoitzaren web gunean (Usurbilgo kasuan, usurbil.eus helbidean), eta baita ere ondorengo esteka honetan: buruntzaldea.eus

Aurreko ikasturtean, 2017-2018an, guztira, 924 ikasle aritu ziren Buruntzaldeko euskaltegietan. Udalen helburua da, 2019-2020 ikasturte berrian 1.000 ikasletara iristea.