Masustari kantatuz hasi du kofradiak urteroko jaia

Noaua Aldizkaria 2019ko ira. 6a, 21:47

Masusta zaletuek lekua hartu dute jada Artzabalen. Ereserkia abestuz hasi dute gaualdia. Masustaren Kofradiaren jaia abian da.

Masustari gorazarre egiteko gaualdia heldu da. 2007az geroztik hutsik egiten ez duen hitzordua. Masusta Kofradiaren bilkura ospatzen ari dira ostiral gau honetan Artzabalen. Masustaren ereserkia abestuz hasi dituzte ospakizunak. Masustadun otordu gozoa dastatuko dute gero. Afalostean kantu giroak segiko du. Eta abesti artean, masustaren propietateak plazaratuko dituzte. Iaz iragarritako kofradekide berriak zin egingo du gainera, eta 2020ko ediziorako kofradekide berria iragarriko dute.

12 urteren ostean, Masustaren Kofradiak zaleturik ez du falta eta urtero biltzeko tradizioak bizi asko segitzen du.

Hemen duzue Masustaren Kofradiakoek masustari gorazarre egiteko sorturiko abestiaren letra. Ereserkia kantatu duten unea aldiz, albiste honi atxikitako bideoan.

MASUSTAREN ERESERKIA
Larraren fruitu da bera
garaian zein ugaria!
ale txikiena ere
elikagaiz da haundia.
Horregatik, guk, zaleok,
izan dugu ausardia
Usurbilen eratzeko
masustaren kofradia.

Masusta heldu denean
beltza da bainan garbia
elikatzeaz gainera
arazten duen jakia.
Horregatik, guk, zaleok,
izan dugu ausardia
Usurbilen eratzeko
masustaren kofradia.

Erromatarrek zioten
oso estimu handia
guk ere gora dezagun
merezi duen guztia.
Horregatik, guk, zaleok,
izan dugu ausardia
Usurbilen eratzeko
masustaren kofradia.