2020ko Euskaraldia prestatzeko gaurko bileran parte hartzeko deia

Noaua Aldizkaria 2019ko ira. 10a, 08:46

Estreinako edizioak baino iraupen luzeagoa izan eta ariketa kolektibizatzeko apustua egingo duen Euskaraldiaren bigarren edizioa urtebete barru helduko zaigu. 2020ko ekimena prestatzeko bilera irekia deitu du Usurbilgo herritarren batzordeak astearte honetarako, irailaren 10erako 17:00etan Potxoenean. "Lagunduiguzu ekimena herriratzen!", deitu dute Euskaraldiko sustatzaileek.

"Bueltan gara! Oporretatik indarberriturik gatoz ikasturteari ekiteko!", adierazi du Euskaraldia Usurbilek sare sozialen bidez. Opor osteko lehen bilera astearte honetarako (irailak 10) deitu dute 17:00etan Potxoenean, "guztion artean zereginak banatu eta lanean hasteko! Hurbildu!". Eta hurbiltzearekin batera bigarren gonbita ere luzatu du Euskaraldia Usurbilen sustatzen segitzeko osaturiko herritar taldeak. "2020ko #Euskaraldia prestatzen burubelarri ariko gara. Lagunduiguzu ekimena herriratzen!".

Prestaketa lanak garaiz bideratzen hasi nahi du Usurbilgo herritarren batzordeak, izango da eta zereginik. Berrikuntzekin helduko zaigu 2020ko bigarren Euskaraldia. Estreinakoa baino luzeagoa izango da, 11 egun ez, 15 egunera luzatuko da hizkuntza ohituren inguruko ariketa hau. Urtebete barruko ekimenean ere Belarriprest eta Ahobizi rolekin egituratuko da Euskaraldia, eta norbera zer funtzio betetzen ari den txapekin adieraziko dugu. 

2020ko hitzordurako ordea beste berrikuntza nagusi bat iragarri dute; iraupena luzatzearekin batera, ariketa kolektibizatu nahi da. Hau da, bi lagunen arteko elkarrizketez gain, taldekako elkarrizketetara zabalduko da Euskaraldia, "ariguneak" izeneko bilguneen bidez. Ariguneok hizkuntz ohituren gaineko ariketa hau kolektiboki, hau da euskaraz lasaitasunez taldean aritzea ahalbidetuko dute. 

Barne zein kanpo "ariguneak" sortu nahi dira. Barne ariguneak, elkarte, lantegi, entitate barneko jardunean ariketa hau sustatzeko. Kanpo ariguneak, jendaurrera begirako guneetan Euskaraldia bultzatzeko; saltoki edo kaleko elkarrizketetan esaterako. Horregatik, bigarren ediziora begira, "enpresa, erakunde publiko, saltoki, elkarte eta entitateei haien jardunean euskararen erabilera indartzeko konpromiso zehatzak hartzea bultzatuko da".

Lehen edizioko emaitzak, laster
Adi bestalde, udazken honi; lehen edizioko Euskaraldiko emaitzak, datuak ezagutu ditugu. Euskaraldiak Euskal Herrian izandako eragina, baita herriz herrikako datuak ere. Soziolinguistika Klusterrak eginiko azterlan handiaren emaitzak laster ezagutuko ditugu. Gogoan izan, Euskaraldiaren eragina neurtzeko iazko Euskaraldia hasi aurretik, amaitu berritan eta handik hiru hilabetera galdetegi bat helarazi zigutela. Herritarrek osatutako galdetegion datuak emango dira ezagutzera.

2020ko Euskaraldia
Iraupen luzeagoa: 11 egun ez, 15 egun.
Datak: azaroak 20-abenduak 4.
Rolak: Ahobizi eta Belarriprest. Txapekin adieraziko dira.
Berrikuntza: ariguneak. Ariketa kolektiboki egiteko aukera.
Informazio gehiago:
euskaraldia.eus
usurbil.euskaraldia.eus