Abisu horian euri zaparradengatik 15:00ak arte

Ekaitz giroa iragarri dute hurrengo orduotarako. Gauerdiaz geroztik abisu horian gaude euriteengatik astearte arratsaldeko 15:00ak arte.

Kantauri itsasotik helduko den "DANA" edo goi geruzetako aire-masa hotzaren fenomenoagatik egongo da indarrean abisu horia euriteengatik. Iberiar penintsula osoa zeharkatuko du iparretik hegora. Gurean, aipatu moduan, "prezipitazio handiagatik" abisu horia izango da indarrean astearte arratsaldeko 15:00ak arte.

"Ordubetean 15 l/m² baino gehiago pila daitezke Kantauri isurialdeko zenbait lekutan. Zaparrada ertainak botako ditu, zenbait lekutan handiak eta trumoitsuak izan daitezke; txingorra egin dezake. Ekaitz-guneetan haize-boladak gogorrak edo oso gogorrak izan daitezke. Zaparrada txiki-ertainak botako ditu eta Kantauri isurialdean iraunkorrak izango dira", iragarri du Euskalmet meteorologia agentziak. 

Usurbil aldean bereziki, astearte eguerdi partean bota dezake euri gehien. 

EGUNOTARAKO USURBILGO IRAGARPENA
Irailak 10, asteartea
"Zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da. Zaparrada txiki-ertainak botako ditu; euria ugaria izango da eta zenbait lekutan zaparradak handiak izan daitezke. Trumoi-ekaitzak izan daitezke eta txingorra egin dezake. Ipar-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogorrekin. Tenperatura maximoak nahikoa jaitsiko dira".

Irailak 11, asteazkena
"Zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da. Zaparrada txikiak botako ditu, noizbehinka ertainak, bereziki egunaren lehen zatian. Ipar-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperatura gutxi edo nahikoa igoko da".

Informazio eguneratua, hemen: euskalmet.eus