50. urtemuga festa irekia ospatuko du Eguzki Elkarteak larunbatean

Noaua Aldizkaria 2019ko ira. 13a, 08:43

Munalurrako elkarteak herri osoarekin ospatu nahi du 50. urtemuga festa. Haur nahiz helduentzako jolas eta txapelketak, musika eta taberna zerbitzua iragarri dituzte larunbat honetarako (irailak 14).

Inguru hurbila nola aldatu den lekuko zuzena dugu. Auzunea eta auzo ingurua eraldatzen ikusi du hamarkada hauetan, 50 urte bete berri dituen Munalurra 24ko Eguzki elkarteak. Maiatzean heldu zen mende erdia osatzera, baina elkarteko bazkideen batzarrak, larunbat honetan (irailak 14) urtemuga borobil hau ospatzea erabaki zuen, 1969an elkartea sortu zutenekin, hamarkadotan bazkide izan dituenekin eta jai egun honekin bat egin nahi duen herritar ororekin. “Elkarte honek omenaldi eder bat merezi baitu bazkide eta kudeatu duten guztiengatik”, adierazi dio NOAUA!ri bazkideen batzarreko kide Javi Sillerok.

Ate irekien jardunaldi modukoa antolatu dute hilaren 14rako, haurrentzako jolas, helduentzako txapelketa, musika eta bazkide zein bazkide lagunak bilduko dituen bazkari herrikoi baten bueltan. Taberna txiki bat ere egokituko dute. Txartelen salmentarekin bideratu duten otordurako izen ematea itxita dute jada. “Etor dadila jendea, bazkide eta fundatzaileei, batez ere elkarte honen sortzaileei esker ona adierazteko jaialdi honetara”, adierazi dio NOAUA!ri Sillerok. Auzoko elkartea izan arren, herritar oro gonbidatu nahi dute ospakizunetara.

Bereziki, elkartea sortu zutenak oroitu nahi dituzte larunbatean, esker ona adierazi. Haien seme-alabak edota seme-alaben seme-alabak dira elkartearen gidaritza eraman edo Eguzki kide direnak. “Adibidez nire aita igeltseroa zen, elkarte hau egiten lagundu zuen”, oroitzen du Antonio Guadix elkarteko kideak. Auzoa eraikitzearekin batera egokitu eta ireki zuten Eguzki ere. “Bereziki auzoko jendearekin egin zen, auzoko jendearengan pentsatuta”, Guadixek oroitu digunez.

Ateak kide berrientzat zabalik
125 kide ditu egun Eguzki elkarteak. Hazten segi dezake etorkizunean, azken urteotan elkarteko zuzendaritzak hartu dituen erabakiei esker. Batetik, lehen ez bezala, emakumezkoek bazkide izateko aukera dute egun Eguzki elkartean. Eta baimendutako bazkide izan daitezke, bazkide direnen 18-25 urte arteko seme-alabak. “Elkartea erabiltzeko baimena dute; sukaldea astelehenetik ostegunera, kafe bat hartzeko aukera noiznahi”, Sillerok NOAUA!ri argitu dionez. Elkartea erabiltzeko aukera dute, kuotarik ordaindu gabe baina ohiko bazkideek ez bezala, ez dute bozka eskubiderik. Ezin dute elkarteko erabakietan parte hartu.

Belaunaldi arteko transmisioa sustatzen dabiltza Eguzkin, nahiz 1969az geroztik errelebo hori naturalki eman den orain arte. “Gure gurasoak fundatzaileak izan ziren. Haietako askoren seme-alabak bazkideak gara. Tradizio honi segida eman diogu”, adierazi dio NOAUA!ri Antonio Guadix bazkideak.

Auzolana erronka
50 urteak beteta, 100. urtemugara heltzeko bideaz galdetu diegu. Erronka argia. “Guztion ahaleginarekin elkarte hau aurrera atera nahian gabiltza”, adierazi du Guadixek. Emakumeen parte hartzea lagungarria egingo zaiela diote. Belaunaldi arteko erreleboa ere ematen joan dela urteotan. Bazkide kopuari eustea dute erronka; “ez diezaiotela bazkide izateari utzi eta urtez urte hala jarrai dezagula”, dio Sillerok.

Horretarako elkartearen sorrera ahalbidetu zuen balore bati eutsi beharra nabarmentzen du; auzolana. “Jendeak lan asko egin behar du honek aurrera egin dezan. Ezin da utzi. Zuzendaritza honek bat eginda egon behar du, bazkide berriak erakarri eta daudenak gustura egon daitezen”.


50. urtemuga festa
Irailak 14, larunbata
11:00 Helduentzako jokoak izango dira (igela, toka...). Haurrentzako jolasak.
14:30 Bazkari herrikoia elkartean.
16:00 Puzgarria haurrentzat. Musika egongo da. Taberna zerbitzua.

Antolatzailea: Eguzki Elkartea.