Helduen Heziketa Iraunkorrean matrikulazioa ixtear

Noaua Aldizkaria 2019ko ira. 12a, 09:10

Ikasturte berrirako matrikulazio epea ostiral honetan (irailak 13) itxiko dute Helduen Heziketa Iraunkorrean (HHI). Agerialde eraikineko dinamika sendotzea dute 2019-20 denboraldiko erronka nagusia, Usurbil eta Lasarteko HHI-ko zuzendari Ana Muruak NOAUA!ri adierazi dionez.

Zer erronka dituzue ikasturte berrirako?
Ana Murua: 
Gure asmoa Usurbilen HHI sendotzea da, Usurbilgo herritarrei helduen hezkuntzaren helburu nagusia den bizi guztirako ikaskuntza eskaintzen segita.

Nori zuzendua dago matrikulazio kanpaina?
Hiru esparruetan banatutako oinarrizko formazio arautua eskaintzen dugu Usurbilen: komunikazio esparrua (oinarrizko ingelera, gaztelera eta euskara), giza esparrua (historia, geografia eta historiarekin lotutako mugimendu artistikoak) eta esparru zientifiko-teknologikoa (natur zientziak, egunerokotasunari lotutako matematika eta oinarrizko informatika). Esparru bakoitzak lau modulu ditu eta modulu bakoitza lantzen bi ikasturte egon daitezke. Bigarren gradua eskainiko dugu Usurbilen.

Asistentzia da moduluok gainditzeko giltzarria?
Gradu bian azterketarik ez dugu egiten, gehienbat asistentzia, parte hartzea ebaluatzen dira. Helburua ez da titulua eskuratzea. Gehienek etorri eta oinarrizko kultur formakuntza jaso nahi izaten dute. Oso ondo pasatzen dute.

Nolakoa da ikasturteko dinamika?
Urtean zehar irteera didaktiko asko antolatzen ditugu. Baita atzerrira bidaia bat, eta ikasturte bukaerako egun osoko txangoa. Oso ondo pasatzen dute. Horrez gain, jarduera osagarriak antolatzen ditugu; Liburuaren Eguna, Santo Tomas Eguna, Emakumeen Eguna… Gure ikasleak biltzen dira, luntx bat egiten dugu, ikasleek beraien lanak aurkezten dituzte.

Harremantzeko eskola ere bada.
Giro oso ona egoten da. Irakasleekin ere oso harreman ona dute. Bat baino gehiago agian ez zen aterako etxetik HHI egongo ez balitz. Beraientzako garrantzitsua da, ikastea, jende berria ezagutu... Oso pozik etortzen dira. Honek beste bizimodu bat ematen die. Hasten duenak jarraitzen du. HHI-ren helburu nagusia hori da hain zuzen, bizi osorako ikaskuntzarekin jarraitzea. Animatu eta probatu!

Matrikulazioa zabalik
Epea: irailak 13, ostirala.
Ordutegia: astelehenetik ostegunera 10:00-13:00/17:00-19:00 (ostiraletan goizez bakarrik).
Helbidea: Beheko Kale Bidea 1, 3. solairua (anbulatorio gainean), Lasarte-Oria.
Telefono zenbakia: 943 376 443 / 943 366 608.
E-posta: info@epalasarte.eus
Baldintza: 18 urte beteak izatea.
Oharra: bat, bi edo hiru ikasketa esparru hauta daitezke, norberak HHI-ri eskaini nahi dizkion ordutegi kopuruaren edo zaletasunen arabera. Ikasketa eskaintza malgua.
Ikasketen gunea: Udarregi Ikastolaren Agerialde eraikina.

Irudiaren egilea: Usurbil-Lasarteko HHI.