Lokal hutsak biziberritzeko Usurbil Zabalik udal egitasmoak web orrialdea estreinatu du

Usurbilgo lokal hutsen biziberritzea sustatzeko komunikazio tresna berria sortu du Usurbilgo Udalak. Egitasmoak sarera jauzi egin du, zabalik.usurbil.eus atari berriaren bidez.

Hutsik diren lokal komertzialak biziberritzea, merkataritza jardunerako berreskuratzea bultzatzea xede duen Usurbil Zabalik egitasmoa inoiz baino eskuragarriago dugu. Usurbilgo Udalak web orri batean bildu du "tokiko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak indartzea herriari bizitasuna emateko" ezinbesteko tresnatzat jotzen duen programa. 

Web orrialde estreinatu berrian, "Usurbil Zabalik"-i buruz jakin beharrekoen berri jaso dezakegu, herri erdigunean hutsik egon eta programa honetan izena emana duten lokal komertzialen berri, Udalak lokal hutsotan negozio berri bat abiarazi nahi duenarentzat eskuragarri dauden diru-laguntzen gaineko xehetasunak, ekintzaile nahiz lokalen jabeei zuzenduriko ohar sorta,... 

Web orri berriak egun 13 lokal huts erakusten dizkigu; "non dagoen bakoitza, zein ezaugarri dituen, zenbateko alokairua duen, eta abar. Lokal horietakoren bat alokatzeko asmoa duenak zein pauso eman beharko lituzkeen ere azaltzen du, xehe-xehe. Funtsean, hutsik dauden lokal komertzialen oinarrizko informazio guztia bildu da bertan". 

Saltoki hutsen poltsa
Usurbilgo Udalak hutsik diren lokal komertzialen poltsa publikoa osatzeko deia egin zuen joan den udaberrian. Momentuz, 13 jabeek eman dute izena. Baina hutsik duten lokalen jabeei soilik ez, enpresa proiektu bat duten ekintzaileei ere zuzendua dago. 

Poltsa publiko honekin, "batetik, jarduerarik gabeko lokala alokairuan edo salgai jarri nahi duten lokal-jabeek zerbitzu hau erabiltzea, eta, bigarrenik, Usurbilen enpresa proiektu bat garatzeko lokal baten beharra duten ekintzaileei erabilgarri dauden lokalei buruzko informazioa eskaintzea" da asmoa. Udalak lokal hutsen jabeen eta merkatal egitasmo bat gauzatu nahi duten ekintzaileen arteko zubi-lana egingo du, "eta informazio guztia Usurbilgo Udalaren webgunean jasoko da. Hau da, informazioa zabaltzeko tresna nagusia webgunea izango da". Abiarazi berri duten webgunea hain zuzen. Horrekin batera, poltsa honetan izena ematen duten lokal hutsetan "Usurbil Zabalik" biniloa jarriko dute jabeek.

Hutsik dagoen merkataritza lokal batean jarduera ekonomiko berri bat jartzeko diru-laguntza deialdia
Deialdi honen xedea, hutsik diren lokal komertzialak biziberritzea litzateke. Guneotako batean negozio berri bat jarri nahi duen ekintzaileak eska diezazioke laguntza honek eskaintzen duen babes ekonomikoa Udalari. Jasotako dirua, lokalaren alokairua ordaintzeko litzateke. "Diru-lagun­tza honen bitartez gehienez ere bi urteren alokairu gastuak diruz lagunduko dira: lehenengo urtean alokairu gastuaren %40a, gehienez ere 300 € hilean; bigarren urtean gastuaren %30a, gehienez ere 200 € hilean".

Ekintzailea Usurbilen bizi daiteke edo ez. Lehentasuna izango dute, "herri gunean nahiz auzoetan gaur egun herritarrei eskain­tzen ez zaizkien zerbi­tzu­ekin lotura duten proiektuek" edota "ixtera doazen edo itxi berriak diren jardueren jarraipenekoak diren proiektuek". 

Ekintzaileak ezingo du lokalik jabetzan izan, aurrez hutsik zegoen alokairuan izan beharko du lokala, gehienez 5 langileko lan taldea izan beharko da... Eskabideak irailaren 30era arte aurkeztu ahal daitezke. Informazio gehiago, hemen: otsailaren 12ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala

Deialdi honek bi ebazpen izango ditu. Lehenengoa, apirilaren 30era arte aurkezturiko eskarien gainekoa, maiatzaren 23an eman zuen ezagutzera Usurbilgo Udalak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez. Eskaera bakarra aurkeztu zen tarte horretan; Etxebeste 15 kalean kokatua dagoen higiezinen agentziarena. Oraindik halere, eskabideak aurkezteko epeak zabalik segiko du irailaren 30era arte. Epe hau igarota kaleratuko du Udalak, ordura arte jasotako eskabideen gaineko bigarren eta azken ebazpena.
Irudiaren egilea: Usurbilgo Udala.