Udajolaseko argazkien bilduma NOAUA!n eskuratzeko aukera

Noaua Aldizkaria 2019ko ira. 17a, 08:29

Irailaren 27ra arteko aukera dute Udajolasen parte hartu zuten haurren gurasoak eskaerak bideratzeko, baita haurrek uztaileko aisialdi eskaintzan arroparik galdu zutela sumatu badute, NOAUA!n dugun galdutako materialean begiratu eta hartzeko. 

Txangoak, jolasak, lagun arte giro ederra eta udako oporraldiaz gozatzeko aukera eskaini du beste urte batez NOAUA! K.E.-k eta Usurbilgo Udalak antolaturiko Udajolas ekimenak. Uztailean zehar, hilabetez egunero lau orduz hamaika ekintzatan parte hartzeko aukera izan zuten 4-12 urte arteko 177 haur eta gaztetxoek. 

Bizi izan zituzten hainbat une berritu edota Udajolasen egunerokoa sakonago ezagutzeko aukera duzue orain, antolakuntzak prestatu duen fotomuntaiari esker. Muntaketa honen emaitza eskura dezakezue Udajolasen parte hartu zuten haur eta gaztetxoen gurasook. Horretarako, eskaera bideratu behar duzue lehenik NOAUA! Kultur Elkarteko egoitzan, irailaren 27a baino lehen. CD-a eskatzera zatoztenean zuen haurraren edo haurren izen abizenak eta haien ikasketa maila zehaztu, kontakturako telefono zenbaki bat ematearekin batera. HH eta LH zikloetarako fotomuntaketa bana prestatu da. Behin eskaera luzatuta, CDa prestatu ostean berriro eskatzailearekin jarriko gara hartuemanetan, CD prest dagoela berri emateko.

Galdutako arropa
Udajolasen galdutako arropa dugu NOAUA! K.E.-ren egoitzan. Udajolaseko haurren bati arroparik galdu bazaio, badaezpada galdetu NOAUA!n. Irailaren 27ra arteko epea duzue.