Udalbatzaren osoko ohiko bilkurak hilabeteko azken ostegunetan aurrerantzean

Noaua Aldizkaria 2019ko ira. 18a, 11:32

Udalbatzak 2019-23 legealdiko ekaineko lehen osoko bilkuran hartutako behin behineko erabakia behin betikoan bilakatu da egunotan: aurrerantzean, plenoak hilabeteko azken ostegunetan izango dira.

Urte luzez hilabeteko azken astearteetarako deitu izan dira udalbatzaren osoko ohiko bilkurak. Legealdi berri honen hasieran ordea, ekainaren 25ean egin zuten plenoan, ekitaldion hitzordua aldatzea erabaki zuten udal ordezkariek.

Udal gobernu talde berritik orain arte bezala hilero azken astearteetan egiten segitzeko agertutako ezintasunagatik, plenoak aurrerantzean hilero azken ostegunetan egitea proposatu zuten. Horretarako ordea ezinbestekoa da udal arautegia aldatzea eta araudia aldatzea onartu zuen udalbatzak ekainaren 25eko legealdi honetako lehen osoko bilkuran.

Berrikuntza hau behin behinean onartu zen ordea. Gero, 30 eguneko erreklamazio epea zabaldu zuten. "Aipatutako Arautegia 30 laneguneko epean, jendaurrean jarri zen eta ez denez aurkeztu ino­lako erreklamaziorik edo alegaziorik, Arautegia behin betiko izaeraz onartu­tzat ematen da", ohartarazi du Usurbilgo Udalak astelehenean (irailak 16) Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaraturiko iragarkian.

Datorrena, hurrengo astean
Orain arte bezala hilean behin deituko ditu alkateak ohiko plenoak, baina aipatu moduan aurrerantzean hilero azken ostegunetan. "Alkate-Udalburuak hilean behin Osoko Bilkura Arrunterako deia egingo du. Saio Arruntak hilaren azken ostegunetan egingo dira", dio Udal Arautegi Organikoan behin betiko onartu den aldaketak.

Egutegia eskutan honenbestez, irailari dagokion udalbatzaren osoko ohiko bilkura hilaren 26an izan daiteke. Datorren aste hasieran jakingo da.