Lurreko Telebista Digitala 5G teknologia berrira egokitzen hasteko garaia

Noaua Aldizkaria 2019ko ira. 18a, 08:07

5G teknologia berria datorrela eta, frekuentziaz aldatu beharko dugu Lurreko Telebista Digitala 2020ko ekaina amaierarako. Ez etxe guztietan, baina bai askotan. 

Bosgarren belaunaldiko teknologiara egokitzeko garaia dugu. 5G teknologia berriarentzat 700 Mhz banda libre utzi beharra dago Europaren aginduz. Horretarako, telebista kateak berriz sintonizatu beharko ditugu hurrengo hilabeteotan, kate berriok seinale berrian ikusi ahal izateko, egungo seinalea itzali baino lehen. Aldaketa honek ez dakar telebista kate berriak ikusteko aukera, ezta orain arteko kateen desagertzerik ere.

Ez omen da telebista edo LTD deskodegailuak aldatu beharrik izango, baina bizileku bat baino gehiagoko eraikin ertain eta handietako azpiegiturak berregokitu beharko dira. Aldaketa hau egiteko eraikin bakoitzeko etxe jabeen erkidegoak erregistraturiko instatzaile bati aldaketa egitea eskatu beharko dio. Egokitzapenok egiteko diru-laguntzak iragarri ditu Espainiako Gobernuak. Telebista ikusten segi nahi badugu, moldaketa hauek 2020ko ekainaren 20erako egin beharko dira. Egun horretan, gaur telebista kateak ikusteko dugun seinale zaharra itzali egingo dute eta.

5G-arentzako frekuentzia berria piztu dute. Aipatu moduan, ekainera arte, seinale zahar eta berritik emitituko dira telebista kateak. 5G-ak konexio abiadura azkartuko du eta sareak duen erantzuteko gaitasuna ere bai. Konektagarritasuna hobetuko da.