Ekaitz giroagatik abisu horian, arratsalde eta gau partean

Noaua Aldizkaria 2019ko ira. 20a, 07:51

Arratsaldeko 18:00etan indarrean jarriko duten abisu horia gauerdira arte luzatuko da, prezipitazio handiagatik.

Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez, "zenbait lekutan ordubetean 15 l/m² baino gehiago pila daitezke. Zaparrada txiki-ertainak eta trumoitsuak botako ditu; zenbait lekutan handiak izan daitezke eta txingorra egin dezake, bereziki barnealdean. Ekaitz-guneetan haize-boladak gogorrak edo oso gogorrak izan daitezke".

EGUNOTARAKO IRAGARPENA
Irailak 20, ostirala
"Zerua tarteka hodeitsu egongo da, batez ere egunaren bigarren partean. Egunaren bigarren partean trumoi-ekaitza izan daiteke. Hego-haize bizia ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperatura maximoak nahikoa edo nabarmen igoko dira".

Irailak 21, larunbata
"Hodeiguneak; gauean zerua oso hodeitsu geratuko da. Hego-haizea, indartsu hasieran, egunak aurrera egin ahala ahultzera egingo du eta baliteke amaieran ipar-mendebaldera aldatzea. Tenperatura minimoak gutxi edo nahikoa igoko dira, maximoetan aldaketarik ez".

Irailak 22, igandea
"Igandean, fronte baten eraginez, euria lurralde osora hedatuko da. Frontea nahikoa aktiboa izango da eta goizean edonon espero da euria. Arratsaldean ostarteak zabalduko dira, eta hegoaldean atertzera egingo du. Iparraldean, ordea, bustitik jarraituko dugu eta zaparradak botako ditu, batez ere kantauri isurialdean. Mendebal eta ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da eta, kostaldean bereziki, zakar samarra izango da. Horrek eragin zuzena izango du tenperaturan, eta maximoak asko jaitsiko dira. 20-22 ºC-ren bueltan geratu arte".

Informazio eguneratua: euskalmet.eus