Hitzorduz jositako kirol agenda zabala astebururako

Noaua Aldizkaria 2019ko ira. 20a, 08:27

Denboraldiko lehen eskubaloi partidak Oiardo Kiroldegian, Usurbil K.E.-ren batzarra, Endika Abril errebote txapelketaren hirugarren jardunaldia, Andatzakoen irteera Pirinioetara, Futbol Eskolan izen emateko eta Kiroldegiko ikastaroak doan probatzeko azken aukera... Kirol agenda betea datorkigu astebururako.

Eskubaloi partidak Kiroldegian
Irailak 21, larunbata
12:30 
Kadete territorial neskak: Usurbil K.E.-Txikixa Taberna Pulpo K.E.
16:00 Kadete territorial mutilak: Usurbil K.E.-Ordizia Orkli
17:30 Jubenil territorial neskak: Usurbil K.E.-Tolosa C.F. Eskubaloia

Usurbil K.E.-ren batzarra
Larunbat honetarako (irailak 21) deitu dute hitzordua, goizeko 11:00etan Potxoenean. Aurreko denboraldiko kontuen azalpena eta kirol arloko emaitzak hartuko dituzte ahotan. Galderak eta iradokizunak egiteko aukera izango da baita, Usurbil Kirol Elkartearen batzar nagusi honetan.

Endika Abril Errebote Txapelketa
Bi neurketa Zubietan jokatuko dira, igande goizeko 11:00etan hasita: Zubieta-Behar Zana (Villabona) eta Hazparne-Zaharrer Segi. Itzuli bakarreko ligaxkako azken jardunaldia izango da. Jardunaldi honen amaieran hilaren 29ko finalerdietara sailkaturiko lau taldeak zeintzuk diren jakingo da. Atzerapenik ez bada, urriaren 6ko asteburuan jokatuko da 56. Endika Abril Errebote Txapelketako final handia.

Izen ematea Futbol Eskolan
2019-20 denboraldirako izen ematea zabaldu du Usurbil F.T.-k Futbol Eskolan. Deialdia, 2008, 2009, 2010 eta 2011 urteetan jaiotako gaztetxoei zuzendua dago. Izen emateko hurbildu futbol klubak Haranen duen bulegora larunbat honetan, irailaren 21ean, 17:30-19:30 artean. Bertara joan ezin dutenek telefono zenbaki honetara deitu dezakete: 634 46 47 97 (Ander).



Andatzakoak Pirinioetara
Estos bailarara asteburu pasa antolatu du Andatza M.K.K.-k irailaren 21 eta 22rako. Larunbat goizeko 6:00etan abiatzekoak dira autobusez Oiardo Kiroldegitik. Bost hirumilako egin asmo dituzte. Bi eguneko txango honetan parte hartzeko ezinbestekoa zen uztailaren 15a baino lehen izen ematea. Informazio gehiago: andatza.com

Oiardo Kiroldegia
Helduentzako spinning, pilates, 3. adina, zunba, total training, jumpfit, bizkar osasuna, hipopresiboak, yoga-mindfullness, mantenu gimnasia, eskalada. Uretako jardueretan, ur entrenamendu gidatua, matropilates, aquagym, aquazumba, igeriketako saioak (hastapena, hobekuntza eta entrenamendua). Haurrentzako zumba, eskalada, jumping, ur jarduera ezberdinekin batera.

Eskaintza zabala prestatu du Oiardo Kiroldegiak kirol urte berrirako. Adi, egunotan ikastaroak probatzeko doako saioetan parte hartzeko aukera baitago. Hemen duzue egutegia. Informazio gehiago: 943 37 24 98 / kirola@usurbil.eus