Parte hartzeko baldintza bakarra artisaua izatea da eta salgai jarri nahi diren produktu guztiak eskuz egindakoak izatea. Antolatzaileen hitzetan, euskaraz aritzea garrantzitsua izango da eta herrikoek lehentasuna izango dute. “Urtero egoten da herritarren bat partehartzaileen artean. Batzuk behin bakarrik aurkeztu dira; beste batzuek errepikatu izan dute”, jakinarazi dute antolatzaileek. Denak kontuan hartuta, esan daiteke “artisau artista” ugari dagoela Usurbilen. Produktu anitzetako azoka egitea da antolatzaileen helburua. Izen emateko epea zabalik da eta parte hartu nahi dutenek artisautzaazoka@gmail.com helbidera idatzi beharko dute.
Urtetik urtera jende gehiagok ematen du izena parte hartzeko. Asko dira kanpoan geratzen direnak, frontoian leku mugatua baitago. Aukeraketa bat egin behar izaten da. Ez da lan erraza izaten; saiatzen dira produktu ezberdinen aukeraketa egiten, urtero azoka berdina ez izateko eta errepikakorra izan ez dadin.
Azoka orain dela 24 urte hasi zen ospatzen, Aitzaga kultur elkartea sortu zenetik. Urteroko hitzordu seinalatua da azaroaren 1eko zita frontoian. Datorren urtea 25. urteurrena izango da eta baliteke zerbait berezia egitea.