Ucineko sutearen eraginez, airearen kalitatea nabarmen txartu zen

Noaua Aldizkaria 2019ko ira. 24a, 10:56

Hala dio Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak herri erdigunean duen airearen kalitatea neurtzeko estazioak. Ucineko sutea jazo zen orduetan, nabarmen egin zuen okerrera airearen kalitateak. 

Albiste honi atxikitako grafikoetan ikus dezakezue argiago. Besteak beste, airean dauden PM10 partikula kutsakorren presentzia zenbatekoa den neurtzen du. Astelehetan honetan, irailaren 23an, goizaldeko 1:00etik gauerdira partikulon kopuruak izandako bilakaera islatzen dute ondoko grafikoek. 

Argi ikus daiteke, partikulon kopurua gehitzen hasi zela arratsaldeko 17:00etatik aurrera, 18:00etarako hirukoiztu egin zela, eta boskoiztu 19:00etan. Datuok interpretatzeko aukera ematen du Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plagintza eta Etxebizitza Sailak sarean martxan duen airearen kalitate-indizearen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan dituen estazioen mapak.

Hiru lurraldeotan jarriak dituzen estazioetan neurtzen diren parametro ezberdinen emaitzen arabera, airearen kalitatea oso ona, ona, erregularra, txarra edo oso txarra dela ondorioztatzen du eguneko 24 orduetan. Indize honen arabera, astelehen arratsaldean PM10 partikulen zenbatekoa kontuan izanda, airearen kalitatearen egoera txarra zen Usurbilen. 

Asteleheneko eguna bere osotasunean hartuta eta Usurbil erdiguneko estazioko datuetan oinarrituta, Eusko Jaurlaritzaren airearen kalitate-indizearen mapak dioenez, egunean zehar airearen kalitate oso ona izan genuen Usurbilen arratsaldeko 17:30ak pasa arte. Bapatean, airearen kalitatearen egoera, beti ere PM10 partikulen presentzia kontuan izanda, 18:00etan airearen kalitatearen egoera ona izatetik ordubeteko tartean, erregularra lehenbizi eta txarra izatera igaro zen gero.

Ke lainoa desegiten joan ahala, aireko PM10 partikula kutsakorren presentzia murrizten joan zela erakusten du grafikoak.

Estazio gehiago
Airearen kalitatea neurtzeko estazio sare oso bat du Eusko Jaurlaritzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Haietako bat baino gehiago ditugu inguruotan: Agerialde ondoan bat. Zubietako Kaxkoan dago beste bat. Lasarten dute beste bat, eta errausketaren zero gunean laugarrena, nahiz azken honek datarik eskaintzen ez duen.

24 orduz airearen kalitatearen inguruko informazioa informazioa eskaintzen duen Eusko Jaurlaritzaren EAE mailako mapa, ondoko esteka honetan kontsulta dezakezue: http://www.ingurumena.ejgv.euskadi.eus/r49-aa17a/eu/aa17aCalidadAireWar/estacion/mapa?locale=eu