“Izerdi pixka bat bota dezaten saiatuko gara, adituak dira marrazketan, eta lan pixka bat emango diegu”

Noaua Aldizkaria 2019ko ira. 25a, 13:13
unibertsitatea.net

Larunbat honetan egingo dute Harria Hitz bisita gidatu berezia. Dzirt-Dzart izenez deitu diote asteburu honetako ekimenari, izan ere Joseba Larratxe eta Antton Olariaga komikigileen sormena eta marrazkilaritzarako berezko hori ezinbesteko osagaiak izango dira. Idoia Torregarai usurbildarra arduratuko da gai jartzaile lanak egiteaz, eta haren esanetara margotu beharko dute bi artistek. Idoia Torregarairekin izan da NOAUA! Harria Hitz bereziaren xehetasunak biltzeko.

NOAUA! Harria hitz bisita gidatuaren baitan eskainiko duzuen ikuskizuna nolakoa izango da?

Idoia Torregarai: Joseba Larratxe eta Antton Olariaga izango dira marrazkilariak eta nik aurkezle eta gidari lanak egingo ditut. Ordubeteko saioa izango da, eta bertan saiatuko gara bi artista horiei ariketa bat proposatzen, jendearen aurrean marrazteko. Saiatuko gara pixka bat jolasten ariketa desberdinekin, nik proposatutako gaiak aurrera eraman beharko dituzte banaka eta binaka marraztuta. Denetatik egingo dugu: bat hasi eta besteak jarraitu marrazkia eta txandaka panel oso marraztu beharko dute, aurrez aurreko bat ere egongo da biak batera marraztuz baina elkarren lanak ikusi gabe, txandakako bizkor bat... Sorpresak egongo dira. Izerdi pixka bat bota dezaten saiatuko gara. Adituak dira marrazketan eta lan pixka bat emango diegu. Saio umoretsu bat proposatuko dugu, giro goxo eta atsegin batean kokatuta saioa. Harria Hitz bisita gidatuaren ondotik egingo dugu saioa, eta hasieran aurkezle eta gidari lanak egingo baditut ere, gaiak libreago izango dira gero. Jendeak ikus dezan komikilari baten magia nolakoa den.

Bi marrazkilariak ezagunak dituzu. Hori zein neurritan da lagungarri eta zein neurritan kaltegarri?

Kasu honetan lagungarria baino ez [KAR KAR KAR]. Alde batetik Antton aspalditik ezagutzen dut, Jagobaren Altza Porru lanaren harira ezagutu genuen. Nik banekien Usurbilen jaioa zela bere lana jarraitzen dudalako Berrian eta. Zakilixuten 40. Urteurrenean omenaldi bat egin zioten Berrian eta parte hartzeko aukera izan nuen bertan, eta hor gehiago elkar ezagutzeko aukera izan genuen. Izugarrizko genioa iruditzen zait, oso pertsona argia eta dibertigarria. Oso komikilari eta marrazkilari ona da. Niretzat ohore bat da horrelako ekimen baterako aurkezle eta gidari lanetan ibiltzeko aukeratua izatea, eta horrelako “ganberradetan” berarekin parte hartzeko aukera izatea. Joseba ere bada denbora ezagutzen dudala. Usurbilen elkar aurkitu aurretik sare sozialen bidez ezagutzen ginen eta gerora, Usurbilen bizi zela jakin nuenean eta Kabienen parte hartu zuela lotura estuagoa egin genuen eta bere lana jarraitzen dut duela urte batzuetatik baita ere. Bere lana nola zabaltzen joan den ikusi dut, Argia eta Larruneko azaletan, liburueta eta kolaborazio lanetan eta niretzat hori zoragarria da. Horrelako pertsona zoragarri eta buruargi bat gertutik ezagutzeko aukera izatea plazer bat da. Bere gaztetasunak erakusten du oraindik izugarrizko bidea duela egiteko. Izaera oso ezberdinak dituzte: Antton lotsagabeagoa da, Joseba isilagoa. Bien arteko joko horrek saio polit bat ekarriko duela iruditzen zait.

 

“Jendeak ez badu barre egiten ez duzu azterketa gainditzen”

Umorearen gainean aritu da Idoia Torregarai, betidanik gustoko izan duen esparrua izan da. “Bakean dagoenari Bakean utzi” umore ikuskizuna herriz herri eramaten ari da Mirari Martiarenarekin batera.

Emanaldi asko eskaini dituzue azken hilabeteotan. Gehiago egiteko asmoa duzue? Epe erdira, ikuskizun berri batean ari al zarete pentsatzen?

Asteburu honetan bertan Itsasondon eta Ataunen izango gara. Azaroa ere nahiko beteta dator. Zorionez bide hau betidanik egin nahi izan dut, umorea zuzenean egiteko aukera izatea nire ametsa izan da beti. Joan den urtetik ametsa egia bihurtzen ari da. Jada 100 saio baino gehiago egin ditugu eta benetan zoragarria da jendearen aurrean jarri eta jendeari barre eginaraztea. Gogorra ere bada; jendeak ez badu barre egiten ez duzu azterketa gainditzen. Oso ongi funtzionatzen ari da eta Mirarirekin daukadan harremana ere oso ona da. Benetan gozatzen ari naiz formatu honetan, aurrez aurrekoan, jendearen gertutasunarekin. Zenek esan behar zidan hona iritsiko nintzela. Bigarren zati bat egitea ere pentsatzen ari gara. 2020an edo hari honetatik tiraka, euskara, generoa eta umorea ardatz hartuta gai berri batzuk sartuta zerbait egiteko asmoa dugu. Jendeak proposamen asko egiten dizkigu eta lanean jarraituko dugu zerbait berria eskaintzeko. Mementoz lehenengo zati honekin gustora ari gara, Euskal Herria handia da eta herri guztietatik pasatu nahiko genuke, baina bai egia da bigarren zati hori buruan daukagula.