Xua Gurasoekin Etxera

Azken ostiraleko elkarretaratzerik ez ostiralean, "Xua Gurasoekin Etxera" plataformarekin hitzordua Orion

Noaua Aldizkaria 2019ko ira. 25a, 12:47

Euskal presoen eskubideen aldeko hileroko azken ostiraleko elkarretaratzerik ez da izango ostiralean Usurbilen. Orion bai eta hara joateko deia egin du Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak. "Xua Gurasoekin Etxera" plataformak sinadura bilketari ekin eta abestia aurkeztuko du, ostiral arratsaldeko 20:00etan herriko plazan.

Bertan izango dira Xuaren aiton-amonak, senideak eta ekimen hau martxan jarri duten Orio, Usurbil eta Zarautzeko lagunak”, iragarri dute herri bilgunetik.

Orion, "Xua Gurasoekin Etxera" herri plataformak sinadura bilketa eta abesti bereziaren aurkezpena iragarri ditu. Aipatu herri plataforma ekainean aurkeztu zuten Askatasuna plazan. Urtarrilean hiru urte beteko dituen eta guraso Olatz Lasagabaster eta Patxi Urangarekin Valentziako Picassenteko espetxean bizi den Xuak espetxetik irten beharko du. Gurasoek espetxe zigorraren hiru laurdenak beteak izanik kalean behar zuten jada. Ekainean 10 urte bete zituzten espetxean. Aipatu herri plataformaren izenak dioen bezala, Xua gurasoekin batera etxera ekartzearen alde lan egiteko sortua da. 

"2017ko urtarrilean jaio zen Xua Picassenteko espetxean. Han daude gaur egun baina laster banatuko da familia, Xua Euskal Herrira etorriko baita urtarrilean eta gurasoek preso jarraituko dute. Banaketa benetan gogorra izango da", iragarri zuten.

Gogorra eta bidegabea. "3 urteko umetxo bati gurasoekin egoteko eskubidea kenduko zaio", salatu zuten. Legediak argi zehazten du egin beharrekoa. Gurasoek espetxe zigorraren hiru laurdenak beteta jada kalean behar luketela jakinda, "bere gurasoek ere etxera etorri beharko lukete alabarekin batera. Zergatik ez eurekin ere legea bete? Noiz arte eduki behar dituzte kartzelan bahituta? Zenbat gehiago sufritu behar dute? Alaba ikastolara eramatea, handik jasotzea, parkean jolastea, irakasleekin bilerak, alabarekin lagunak ezagutzea, aita eta ama izatea noiz arte galarazi behar diete?". 

Ekainean egin zuten aurkezpenean hainbat ekimen iragarri zituzten; tartean, mozio aurkezpenak Usurbil eta Orioko Udaletan, arropa salmenta, Usurbil eta Orioko irudidun postalen bidalketa, edota irailaren 27rako iragarria dagoen sinadura bilketa eta kanta bereziaren aurkezpena. Abesti horren sorkuntzan Usurbil, Zarautz eta Orioko musikariek parte hartu dute.

"Jarri ixa handi bat zuen herrian"
"Guk ekimen honetan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu usurbildar guztioi. Xuari denok eta bakoitzak bere moduan lagundu diezaiokegu", adierazi zuten Xua Gurasoekin Etxera plataformako kideek, dinamikaren ekaineko aurkezpenean.

Laburbilduz, "aurrerantzean, ixa erraldoi bat egitera animatu nahi zaituztegu. Xuarekin batera Olatz eta Patxi Euskal herrian nahi ditugulako. Etxean nahi ditugulako, Usurbilen eta Orion. Jarri gizatasunezko ixa bat zuen bizitzan. Jarri solidaritatezko ixa bat zuen bihotzetan. Jarri justiziazko ixa bat zuen etxean. Jarri ixa handi bat zuen herrian", luzatu zieten gonbita herritarrei.

Argi gogorarazi ziguten, Xuak, Olatzek eta Patxik, hirurak eta elkarrekin, aske eta etxean behar dutela jada. "12 urteko zigorraren hiru laurdenak ondo beteak dituzte dagoeneko. Espainiako legediaren arabera baldintzapeko askatasunean beharko lukete. Legez libre behar lukete baina giza legerik ez duen kartzela politika lotsagarri honen hiru biktima gehiago dira".