Klimaren alde ostiral honetarako (irailak 27) deitua dagoen mundu mailako grebarekin bat egingo du Euskal Herriak. Hiriburuetan hainbat mobilizazio deitu dira. Usurbildik gertuen Donostian; eguerdiko 12:00etan elkarretaratzea Bulebarrean eta 18:00etan manifestazioa Alderdi Ederretik. Arratsaldeko hitzordua eragile anitzek deitu dute: GuraSOSek, Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeak (OEIT), Eguzkik, Errausketaren Aurkako Mugimenduak, Ernai gazte mugimenduak, Greenpeace-k, edota LAB, ELA, Steilas, EHNE eta CCOO sindikatuek.
"Irailaren 27an kalera aterako gara politikarien ekintzarik eza salatzeko, eta gobernuei benetako ekintza konprometituak exijitzeko. Bestetik, gizarte guztia mobilizatzera interpelatu nahi dugu larrialdi ekologikoaren aurka eta alternatiba sozial eta justuak eraikitzearen alde", adierazi dute deitzaileek zabaldu duten oharrak.
Garaiz gaudela gogorarazten digute. Baina mobilizazioko leloa nabarmenduz diotenez, "aldaketa klimatikoaren kontrako lehen garaipena etxean irabazi behar dugu. Ez dugu utziko erraustegia urrian abian jar dezaten. Herritarrei dei egiten diegu mobilizazio egunarekin bat egin dezaten irailaren 27ko manifestaziora joanez, eta ondoren egingo diren mobilizazioetan ere parte hartuz".
Etxetik bertatik hasita badugu eta zer aldatua. "Euskadiko 8 enpresa kutsatzaileenetatik 4 erraustegiak dira", ohartarazten dute. "Horregatik esan liteke Gipuzkoan aldaketa klimatikoak izen eta abizenak dituela. Gipuzkoan aldaketa klimatikoa Foru Aldundia eta Urbaser deitzen dira".
Hemen biharko manifestazioaren harira deitzaileek plazaratu duten oharra osorik: