Lurreko Telebista Digitala 5G teknologia berrira egokitzeko diru-laguntzak eska daitezke gaurtik

Noaua Aldizkaria 2019ko ira. 26a, 08:02

104,3 eta 677,95 euro arteko diru-laguntzak iragarri ditu Espainiako Gobernuko Ekonomia eta Enpresa Ministerioak bizilagunen erkidegoentzat. Gogoan izan, Lurreko Telebista Digitala ikusten jarraitu ahal izateko antena berregokitu beharko da hilabeteotan. 5G teknologia berriaren etorrerak eragin du aldaketok egin behar izatea.

Ostegun honetatik (irailak 26) bideratu ahalko dituzte diru-laguntzon eskaerak, Lurreko Telebista Digitala ikusten segitzeko azpiegitura (antena instalazioa) berregokitu beharko duten bizilagunen erkidegoek. Eskaerak, Espainiako Gobernuko Ekonomia eta Enpresa Ministerioaren web orritik tramitatu ahalko dira. 
Informazio gehiago:
mineco.gob.es
televisiondigital.es 
901 20 10 04
91 088 98 79

5G teknologia berriari lekua uzteko
Bosgarren belaunaldiko teknologiara egokitzeko garaia dugu. 5G teknologia berriarentzat 700 Mhz banda libre utzi beharra dago Europaren aginduz. Horretarako, telebista kateak berriz sintonizatu beharko ditugu hurrengo hilabeteotan, kate berriok seinale berrian ikusi ahal izateko, egungo seinalea itzali baino lehen. Aldaketa honek ez dakar telebista kate berriak ikusteko aukera, ezta orain arteko kateen desagertzerik ere.

Bigarren Dibidendu Digitala deituriko honen eraginez, ez omen da telebista edo LTD deskodegailuak aldatu beharrik izango, baina bizileku bat baino gehiagoko eraikin ertain eta handietako azpiegiturak berregokitu beharko dira. Aldaketa hau egiteko eraikin bakoitzeko etxe jabeen erkidegoak erregistraturiko instatzaile bati aldaketa egitea eskatu beharko dio. Egokitzapenok egiteko diru-laguntzak iragarri ditu Espainiako Gobernuak. Telebista ikusten segi nahi badugu, moldaketa hauek hilabeteotan egin beharko dira. Egun horretan, gaur telebista kateak ikusteko dugun seinale zaharra itzali egingo dute eta.

5G-arentzako frekuentzia berria piztu dute. Aipatu moduan, ekainera arte, seinale zahar eta berritik emitituko dira telebista kateak. 5G-ak konexio abiadura azkartuko du eta sareak duen erantzuteko gaitasuna ere bai. Konektagarritasuna hobetuko da.