Zuzeneko marrazketa saiodun Harria Hitz larunbatean, Idoia Torregarai, Antton Olariaga eta Joseba Larratxerekin

Noaua Aldizkaria 2019ko ira. 27a, 08:58

Hiru sortzaileak elkartuko ditu irailaren 28ko Harria Hitz bisita gidatuaren edizio berriak. Usurbilgo kultur altxorretan barrena egingo den bisita gidatuaren ostean, zuzeneko marrazketa saioaz gozatu ahalko dugu Potxoenean. Potxoeneko saiorako ez da aurrez izena eman beharrik izango.

Usurbilgo kultur altxorretan barrena bisita gidatua egin ostean, hitzordua oraingoan Potxoenean amaituko da, "Dzirt-dzart" ekimenarekin. Idoia Torregaraik aurkeztuko du saioa eta bere esanetara ariko dira Joseba Larratxe eta Antton Olariaga marrazkilariak; "bat bateko bertso saioen antzera. Aurkezleak proposaturiko ariketa bitxiak egiten ariko dira". 

Goizeko bisitarako izena aurrez eman beharko da, baina Potxoeneko hitzordurako ez da izena eman beharrik izango.

IRAILAK 28, LARUNBATA
10:00 Usurbilgo frontoian elkartu.
10:05 HARRIA HITZ bisita gidatua herrigunean.
11:15 DZIRT-DZART saioa Potxoenean.

Zehaztasunak: "Ikasturtea gogotsu eta umorez hasteko irailaren 28an HARRIA HITZ- DZIRT DZART ekimena proposatuko dizuegu. Dzirt-Dzart, izenak berak dioen bezala, bat-batean marrazteko saioa da. Hainbat marrazkilari eta aurkezle bat izango dira protagonistak. Marrazkilariak aurkezlearen esanetara marraztuko dute, bertso saioetan egiten den moduan gutxi gorabehera. Ariketa bitxiak burutzen jarriko ditugu komikigileak: minututan neurtutako ariketak, batak bestearen atzetik komikia osatuz segidilla baten gisan…

Horretarako, lehenengo Harria Hitz ibilbidea burutuko dugu. 60ko hamarkadara egingo dugun bidaia (eta gogoeta) hau izango da Dzirt-Dzart saioaren haria. Tradizioa eta modernitatea uztartzeko beharra, euskal sorkutzarekin konpromezua eta 60ko hamarkadan Euskal Herrian gertatu zen kultura-eztanda, eta baita eztanda horren ondorena ere izango dira jorratuko diren gaiak besteak beste".

Hizkuntza: Azalpenak euskaraz emango dira

Informazioa eta erreserbak: 688 818 017 / info@kultour.pro 

Bisita DOAKOA izango da. Aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da (25 lagun, gehienez).

Antolatzailea: Usurbilgo Udala eta Ereiten.