“Atzoko eta gaurko gudariak” gogoan izango dituen ekitaldia 19:00etan Mikel Laboa plazan

Noaua Aldizkaria 2019ko ira. 27a, 09:47

1975eko irailaren 27an, Francoren erregimenak Txiki eta Otaegi erail zituen FRAPeko beste hiru kiderekin batera. Urteurren egun honetan, ekitaldi ugari egin ohi dira herri askotan. Usurbilgoa Mikel Laboa plazan egingo da, gaur arratsaldeko 19:00etan hasita.

Deitzaileek aditzera eman dutenez, ekitaldia xumea izango da; funtsean, “atzoko eta gaurko gudariak” ekarriko dituzte gogora. “Atzoko gudariek Euzkadi defendatzeko jo zuten armetara. Eusko Jaurlaritzaren agintepean, Eusko Gudarostea osatu zuten. Hil ziren lubakietan, hil zituzten fusilatuta eta hil zituzten gerra amaitu ondoren ere. Atzoko gudariak izan ziren”.

Frankismoa indarrean zela, “Euskadi askatzeko altxatu ziren beste euskal herritar batzuk. Zazpi herrialdeak bere baitan hartuko zituen herri euskaldun eta sozialista bat eraikitzeko asmoa proposatu zioten herriari. Gaurko gudariak dira”. Ostiral honetako ekitaldia deitu dutenen esanetan, “espetxeetan bahituta dauzkate asko oraindik”.

Azken hamarkadetako borrokak deuseztapenetik bizira ekarri gaituela diote. “Hilda zegoena bizirik dago. Kon- traesan eta ezintasun handiekin. Baina bizirik”. Ildo horretan, “belaunaldi berriei dagokie gaur egungo Euskal Herrira ekarri gaituen bidean aurrera egitea, euskal herritar guztiak berdintasunean bizitzeko Euskal Herri euskaldun, sozialista eta feminista erdiesteko bidean urrats berriak eginez. Borrokaren pausoa da bidea”.

Ekitaldi laburra
Ostiral honetan, hilak 27, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, Mikel Laboa plazan.