Hilero azken ostiraletan Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak deitu ohi duen euskal presoen eskubideen aldeko elkarretaratzea herriz aldatu zuten atzokoan. Usurbilen ez zen mobilizaziorik izan, oraingoan Orion baizik. Hitzordu berezia izan zen. "Xua Gurasoekin Etxera" plataformak deitutako ekitaldia egin zuten Orioko plazan.
Ekainean aurkeztu zuten jendaurrean plataforma, arropa salmentari ekin zioten gero. Atzoko ekitaldian, Usurbil, Orio eta Zarauzko lagunek sortutako abestia eta koreografia aurkeztu zuten. "Kantua uda honetan prestatua eta grabatua izan da Orioko Amasoain baserrian. Horretarako beharrezkoa izan da, Orio, Usurbil eta Zarauzko musikari eta artisten laguntza. Koreografia berriz, Orioko dantzariek prestatu dute. Borondatezko lan itzelaren emaitza izan da dena", adierazi zuten atzoko ekitaldian herri ekimeneko kideek. Manifestua ere aurkeztu zuten. Manifesturako sinadura bilketari ekin zioten. Hemen abestiaren letra, ondoko bideoan duzue entzungai:
XUA GURASOEKIN ETXERA
Xua, Olatz eta Patxiren etxeratzearen alde lanean
Dakizuenez, Xua Lasagabaster Uranga, preso dituen guraso Olatz eta Patxirekin bizi da Valentziako Picassenteko espetxean, Usurbil eta Oriotik 600 kilometrora. Zehazkiago esateko, amarekin bizi da. Aitarekin noizbehinka egoteko aukera baino ez du izaten. Urtarrilean 3 urte beteko ditu Xuak eta espetxetik irten beharko du. Euskal Herrira etorriko da, eta honenbestez, gurasoengandik bereiziko dute.
Xua gurasoekin etxera etortzeko lanean dihardu haien Usurbil, Orio eta Zarauzko lagunekin osatu den plataformak. Olatzek eta Patxik espetxealdiaren hiru laurdenak beteak baitituzte eta Espainiako egungo legedia betez gero, kalean behar baitzuten jada.
Aipatu bezala, "Xua Gurasoekin Etxera" plataformak, hiruren etxeratzearen alde dihardu lanean.