Gogoan izan, Olatz Lasagabaster, Patxi Uranga eta haien haur Xua Valentziako Picassenteko espetxean urrunduak dituzte, Usurbildik 600 kilometrora. Xuak urtarrilean 3 urte betetzean espetxetik irten beharko du, eta honenbestez, gurasoengandik bereiziko dute. Olatzek eta Patxik espetxealdiaren hiru laurdenak bete dituztela jakinik, Espainiako legedia kontuan izanda, kalean behar zuten jada. Eta horren alde ari da lanean, hiruren Usurbil, Orio eta Zarauzko lagunek osatu duten "Xua Gurasoekin Etxera" plataforma. Hirurak aske etxera etor daitezen lanean.
Horretarako, manifestu bat plazaratu dute. Segidan irakur dezakezue osorik. Manifestuaren aldeko sinadura bilketa abiatu dute. Sinadura, "Xua Gurasoekin Etxera" herri ekimeneko kideek kalean jarriko duten mahaian eman ahalko da, edo noiznahi, Internet bidez sinatu ahal duzue jada. Larunbat honetarako 359 lagunek bat egina zuten manifestuarekin. Ondoko esteka honetan irakurri ahal duzue manifestua eta sinadura ere bertan eman dezakezue: Xua Gurasoekin Etxera!
MANIFESTUA
Xua Gurasoekin Etxera!
Xua Lasagabaster Uranga Picassenteko espetxean (Valentzia) jaio zen, 2017ko urtarrilaren 19an. Bere amarekin bizi da eta noizbehinka elkartzeko aukera izaten du espetxe berean preso dagoen bere aita Patxirekin. Hilabete gutxi barru, hiru urte beteko ditu. Espainiako legeak hala aginduta, bere gurasoengandik bereiziko dute eta ezin izango ditu ikusi bisitetan ez bada.
Eten oso mingarria izango da, jakina. Are gehiago, urruntasunak (Usurbil- Oriotik 600 km.-ra dago Picassent) elkar ikusteko aukerak murriztuko dizkielako. Dena den, ez lukete zertan banaketaren sufrimendu gehigarria jasan behar. Izan ere, Olatzek eta Patxik 10 urte bete dituzte preso ekainean. Beren 12 urteko zigorraren 3/4ak baino gehiago. Horrenbestez, Espainiako legeria arrunta aplikatuz, biek ala biek baldintzapeko askatasuna lortzeko eskubidea dute. Horixe da, hain justu, agintariei eskatzen dieguna. Salbuespenezko legeak alboratu eta legez eta gizalegez joka dezatela. Ekidin daitekeen sufrimendurik ez diezaietela eragin hirurak bananduta, eta Xuarekin batera Patxi eta Olatz gurasoak ere etxera ekar ditzatela.
Manifestua helbide honetan sartuta sinatu dezakezue: Xua Gurasoekin Etxera!