Egoera ahulenean direnak gogoan, Pertsona Helduen Nazioarteko Egun honetan

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 1a, 12:45

Pertsona Helduen Nazioarteko Eguna dugu urriko lehen egun hau. Gipuzkoako Helduen Elkarteen Plataformatik egun seinalatu honi begira NOAUA!ra helarazi duten gutunean adierazi dutenez, "pentsiodunen mugimendutik gure elkartasuna adierazten diegu egoera ahulenean dauden adinekoei". Guztiontzat bizitza duina izatea aldarrikatzen dute eta eskerrak helarazten dizkiete egunerokoan, eskubideon aldeko borrokan diharduten elkarteei.

Adinekoen giza eskubideekiko errespetua eta kolektiboari "bizimodu duina berma diezaietela" eskatzen du Gipuzkoako Helduen Elkarteen Plataformak, urriaren lehen egun honi begira NOAUA!ra helarazi duen ondoko gutunaren bidez. Gogoan dituzte eta elkartasuna adierazi nahi diete egun seinalatu honetan, egoerarik ahulenean diren adinekoei.

Gipuzkoako Helduen Elkarteen Plataformaren gutuna
Urriaren 1ean, Adinekoen Nazioarteko Eguna ospatuko da. Erabakia Nazio Batuetako Batzar Nagusietan hartu zen 1990eko abenduaren 14an.

Pentsiodunen Mugimenduak betidanik defendatu du adinekoen giza eskubideak errespeta daitezela eta bizimodu duina berma diezaietela. Tamalez, milaka pentsiodun eta adineko pobrezian bizi dira, edo ezin dira hilaren amaierara iritsi, ezin dute alokairua, argia, gasa ordaindu, ezta botika guztiak ere. Horrexegatik eskatzen dugu Pentsioen Sistema Publikoa blindatzeko, pentsiodunei eta adinekoei bizimodu duina bermatzeko.

Horrez gain, erakundeek eremu guztietan ondoko eskubideak bermatzeko ere eskatzen dugu adineko guztientzat:
-Gure beharretara egokitutako etxebizitza bat.
-Berokuntza, argia, gasa… bermatuta egotea, bakoitzak dituen bitarteko ekonomikoen arabera.
-Medikamentuak doan, gure osasun beharren arabera.
-Era guztietako pobrezia ezabatzea adinekoen artean.
-Hobekuntzak egitea adinekoen zentroetan. Zentroetako langileen ratioak aztertzea eta hobetzea.
-Behar adinako bitartekoak mendekotasunaren behar guztiei erantzun ahal izateko.
-Bitartekoak eta laguntzak isolamenduari eta bakardadeari aurre egiteko.
-Adinekoek jasaten dituzten tratu txarren eta diskriminizioaren aurka jardutea.
-Bitarteko gehiago gizarte ongizateko arloetarako, erakunde guztietan.
-Parte-hartze aktiboa eta zuzeneko elkarrizketa adinekoekin erakunde guztietan.
-Adinekoentzako ingurune lagunkoi egokituak sortzea.
-Berdintasunerako politikak adinekoen artean ere burutzea.

Zahartze aktiboarekiko eskubidea:
-Elikadura osasuntsua eta ariketa fisikoa.
-Kultura eta ezagutza bultzatzea.
-Adinekook dugun arrail digitalaren aurka jardutea.

Pentsiodunen mugimendutik gure elkartasuna adierazten diegu egoera ahulenean dauden adinekoei. Eta gure giza eskubideak aintzat hartzeko eta azken egunera arteko bizitza duina bermatzeko eskatzen dugu. Eskerrik asko, egunez egun, gure eskubideak eta gure duintasuna defendatzeagatik borrokan diharduten elkarteei. Izan ere, asko dira elkarte horiek defendatzen dituzten udalerri, probintzia mailako aldarrikapenak, eta lerro hauetatik gure babesa eman nahi diegu eta gureak egin nahi ditugu aldarrikapen horiek.

Gipuzkoako Helduen Elkarteen Plataforma