Erabakitzeko eskubidea defendatzeko deia, Kataluniako erreferendumaren bigarren urtemuga egun honetan

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 1a, 16:00
Artxiboko irudia. Kataluniako herri eta ordezkari politikoei elkartasuna adierazteko egindako elkarretaratze bat.

Etor daitekeenaren aurrean, "defenda dezagun gure erabakitzeko eskubidea", dio Gure Esku mugimenduak, Kataluniako erreferendumaren bigarren urtemuga egun honen bueltan NOAUA!ra helarazi duen gutunean. Katalanei elkartasuna adieraztearekin batera, buruzagi independentisten inguruko epaia kaleratzear den honetan, mobilizazioei adi egoteko deia egiten die herritarrei.

Kataluniak bere etorkizunaz erabakitzeko hitza hartu zuenetik bi urte bete dira astearte honetan, urriaren 1ean. Urtemuga honen harira gutuna helarazi du NOAUA!ra Usurbilgo Gure Esku mugimenduak. "Erreferenduma ez da delitua" izenburupean, Espainiako Auzitegi Gorenak buruzagi independentisten inguruko epaia kaleratzear duela gogorarazten digu. Erabakitze eskubidearen aldeko mugimenduak argi dio, "prest gaude zigor epaia etorriz gero euskal gizartearen erantzun zabala artikulatzeko".

Horregatik, euskal herritarren ordezkariek oinarrizko eskubide, askatasun eta burujabetza nahiaren aldeko defentsa bateratuaren aldeko ahalegina indartzea ezinbestekoa izango dela ohartarazten du Gure Eskuk. "Epaiak ez die eragingo soilik preso politiko katalanei. Krisi demokratiko larria piztu dezake, eta oinarrizko eskubideak kriminalizatzeaz gain, burujabetza helburu edota asmoak mugatu", nabarmentzen dute. 

Erabakitzeko eskubidea defendatzeko deia egiten du, datozen mobilizazioei adi egotea eskatzen du Gure Eskuk.

Erreferenduma ez da delitua
Urriaren 1eko erreferendumaren bigarren urteurrena bete da eta laster ezagutuko dugu buruzagi independentisten inguruko Auzitegi Gorenaren epaia.

Momentu hauetan, katalanei gure elkartasuna adierazteaz gain, Gure Eskuk hiru mezu argi bidali nahi dizkio euskal gizarteari:

  • Epaiak ez die eragingo soilik preso politiko katalanei. Krisi demokratiko larria piztu dezake, eta oinarrizko eskubideak kriminalizatzeaz gain, burujabetza helburu edota asmoak mugatu.
  • Prest gaude zigor epaia etorriz gero euskal gizartearen erantzun zabala artikulatzeko.
  • Ezinbestekoa da euskal herritarren ordezkariek ahaleginak areagotzea oinarrizko eskubideak, askatasunak eta burujabetza nahia elkarrekin defendatzeko.

Defenda dezagun gure erabakitzeko eskubidea. Adi mobilizazio deiei!

Usurbilgo Gure Esku