Mintzalagun egitasmoa aurkezteko atarian, gaur abiatuko dute ikasturtea euskaltegian

Etumeta AEK euskaltegiak ateak zabalik izango ditu gaurtik ikasleentzat. Urria estreinatzearekin batera abiatuko dute ikasturte berria. Halere oraindik izena eman edo parte hartu liteke euskaltegiarekin lotutako ikastaro eta ekimen zenbaitetan. Lerrootan dituzue xehetasunak.

Maila guztietako ikastaroak (A1, A2, B1, B2, C1 eta C2 mailak), motibaziorako jarduerak, autoikaskuntza metodoa, online zerbitzua... eskaintza zabala aurkituko dute ikasleek ere aurten, Etumeta AEK euskaltegian. Urriarekin batera abiatuko dute 2019-20 ikasturtea. Informazio gehiago:
Nagusia, 43
607 609 379
usurbil@aek.eus
aek.eus
muntteri.blogspot.com.es

Mintzalagunen aurkezpena
Euskara ahotan hartzeko espazio bila dabilenak, Etumeta AEK euskaltegiak, NOAUA! Kultur Elkarteak eta Usurbilgo Udalak sustaturiko Mintzalagun egitasmoan du txoko aproposa. Lagun giroan, euskaraz mintzatzeko taldeetan parte hartzeko aukera dute euskara ikasten edo maila hobetzen aritu, nahiz euskara menderatzen dutenek. Egitasmoaren inguruko xehetasunak jasotzeko aurkezpen saioa iragarri dute urriaren 11rako 17:30etan euskaltegian bertan.

Ikastolako gurasoentzako ikastaroa
Urriaren 1ean hasteakoa du ikasturte berria Etumeta AEK euskaltegiak. Aurreikusia duten eskaintzaren baitan, ikastaro bat 2-16 urte arteko Udarregi Ikastolako ikasleen gurasoentzat izango da. 100 ordukoa, urritik maiatzera. Astean bi orduko bi saio, 14:30-16:30 artean euskaltegian. Urriaren 4ra arte matrikulatu ahalko da. Prezioa, 100 euro, baina klaseen %80ko asistentzia izanez gero, matrikulazioa doan izango du Usurbilgo Udalaren diru-laguntzari esker. Izen emate orria ikastolako idazkaritzan jaso ahalko da, bete ostean bertan edo euskaltegian utzi. Mailaketa-froga, urriaren 10ean, 14:30-16:30 artean Etumeta AEK euskaltegian. Informazio gehiago: 607 609 379
usurbil@aek.eus