Eskualdeko garapen agentziaren sortze prozesua aurrerabidean

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 2a, 08:43

Beterri Buruntzako garapen agentzia, Atsobakarreko kirol instalakuntzen proiektua edota legealdiko plana hartu zituen ahotan udalbatzak azken osoko bilkuran.

Buruntza Beterrikoa da Gipuzkoan, garapen agentziarik ez duen eskualde bakarra. Bide horretan hainbat urrats eman dituzte azken urteotan, Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo Udalek. Esaterako, izaera juridikorik ez duen lankidetza hitzarmena sinatu zuten 2017an sei udalerriok. Ordutik, enpleguaren alorreko egitasmoak bideratzen aritu dira eta hitzarmen honi izaera juridikoa emateko batzorde kudeatzaile bat lanketa betean dela gogorarazi zuen Agurtzane Solaberrieta alkateak, joan den irailaren 26an egin zen udalbatzaren osoko ohiko bilkuran. Lan talde horrek mankomunitate bat sortzea hobetsi zuela.

Bide horretan, mugarri garrantzitsutzat jo zuen aurreko legealdi amaieran, martxoko plenoan udalbatzak hartutako erabakietako bat; lankidetza honi mankomunitate izaera emateko sortze prozesuan parte hartzea erabaki baitzuen. Mankomunitatea sortzeko Batzorde Sustatzaile bat osatu da eta joan den asteko osoko bilkuran, aipatu batzorde horretan Udalak izango duen ordezkaria Beñat Larrañaga Urdanpilleta zinegotzia eta haren ordezkoa alkate Agurtzane Solaberrieta izendatzea onartu zuen legealdi amaierara arte. Gehiengo osoz, EHBildu eta PSE-ren aldeko bozkekin. EAJ-ko ordezkariak abstenitu ziren.

Komunikazio arduradun berria du Udalak
Udal aurrekontuekin batera onartu ohi ditu udalbatzak, udal plantilla organikoa eta lanpostuen zerrenda. Pasa den asteko osoko bilkuran aldaketa bana txertatzea erabaki zuen udalbatzak. Udal komunikazio instituzionalaz arduratuko den langile berria kontratatu dute, eta horrek eragin ditu aipatu aldaketok, zereginotarako “langilerik ez zegoen eta egun” alkate Agurtzane Solaberrietak azken plenoan gogorarazi zuenez. Eta presa zuen langile bat kontratatzeak, ezinbestekotzat jotzen baitu udal gobernu taldeak herriko etxeari lotutako informazio guztia herritarrei helaraztea. Udalaren “lan ekoizpen jarduera maila izugarria da” gainera, alkatearen esanetan.

Horretarako, “behin-behineko izendapen bitartez aipatu postua sortzeko beharra ikusi da, konfiantzazkoa”, nahiz udal gobernu taldetik nabarmendu nahi izan zutenez, komunikazio instituzionala jorratuko duen. Solaberrieta bera izan zen hain zuzen aurreko legealdian udaleko komunikazio arduraduna. Lanaldi osoan ariko da langile berria. Udal webgunea (usurbil.eus), sare sozialak kudeatuko ditu. Aurreko legealdian kaleratzen hasitako Udalberri aldizkaria plazaratzen segiko dute eta haren ardura izango du. Lanpostuaren maila, soldata finkatzerakoan EHBilduren soldata taula hartu dute kontuan, udal gobernu taldetik aditzera eman zutenez.

Aldaketa honen alde bozkatu zuten azken plenoan, EHBilduk eta PSE-k. EAJ aurka agertu zen. PSE-ko zinegotzi Francisco Suarezek zioenez, “oso ados nago udalbatza honekin ulertzen baitut oso garrantzitsua dela komunikazioa, informazioa objektiboa izango delako”. EAJ proposamenarekin desados agertu zen. “Ez dugu esaten 6.000 biztanleko herri batek behar ez duenik, baina gehiegitxo iruditzen zaigu lanaldi osoko lanpostua sortzea”. Udal gobernu taldetik komunikazio arduradunaren egunerokoa ezagutzera gonbidatu zuten, “ziurtatzen dizut baietz, behar dugula” zioen alkate eta aurreko legealdiko komunikazio arduradun ohi Agurtzane Solaberrietak.

Araudi aldaketa, Atsobakarreko kirol egitasmoa bideratzeko
Lasarte-Oriako Udalak kirol azpiegitura berria eraiki nahi du Atsobakar eremuan, Urbil merkatalgunearen ondoan. Udal gobernu taldetik azken osoko bilkuran zehaztu zutenez, tartean, atletismo pista bat gradekin. Proiektu hau aurrera eramateak ordea “Usurbilgo arauei eragiten die”, eremu horretako arau subsidiarioetako bi exekuzio unitateeetako eta alboko espazio publikoaren antolamendu xehatuaren aldaketa hasieraz onartzea. Eta honenbestez onespena eman behar dio Udal honek proiektuari.

Aho batez onartu zuen udalbatzak. Espediente hau 20 lanegunez jendaurrean jarriko da alegazioak aurkezteko. Asteazken honetako (urriak 2) Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak dakar erabaki honi lotutako erabakia. Eta hartutako erabakia Lasarte-Oriako Udalari jakinaraziko zaio, honakoa adieraziz. “Aldaketa-espedientea tramitatzeko prozeduran edo lanak gauzatzeko prozesuan ingurumenaren gaineko eragin esanguratsuren bat egiaztatzen bada, Usurbilgo Udalak Lasarte-Oriako Udalari eskatuko dio ingurumen-prozedura betetzea eta/edo beharrezko eta bidezko ikusten diren ingurumen-neurriak hartzea”.

Datorrena, ezohikoa
Araudian aldaketa bat egin ostean, dakizuenez, aurrerantzean udalbatza hilero azken ostegunetan bilduko da. Baina urrian lehenago, hilaren 17rako ezohiko osoko bilkura deituko dute. Udal gobernu taldetik iragarri dutenez, ordenantza fiskalen gaia eramango dute hitzordu honetara. Saio berean, azaroaren 10erako deituak dauden Espainiako Gorteetako hauteskunde egunez, hauteslekuetan lan egitea egokituko zaien mahaikideen zozketa egingo da.

Legealdiko plana
Abiatu berri den lau urteko legealdiko bide-orria diseinatzera doa udal gobernu taldea, azken osoko bilkuran EHBilduk berri eman zuenez. Maiatzeko hauteskundeetara egitasmo eta ekintza anitzez osaturiko herri programarekin aurkeztu zirenez, hura betetzeko “herri mandatua” dute orain. Programa horretako lehentasunak ordenatu, edota helburuak eta lan ildoak, nola lan egin, norentzat bideratu… hori guztia zehazteko legealdiko plana diseinatzera doa udal gobernu taldea, joan den asteko plenoan iragarri zutenez. Datozen lau urteotan elkarlanean aritu beharko dutenez, “legealdi honetako bide orria osatzeko gonbita” luzatu zioten udal gobernu taldetik oposizioko ordezkariei. Haiei eta udal langileei aurkeztuko zaie asteotan legealdiko plana. Aztiker soziologia ikerguneak dinamizatuko du prozesua.

Formazio saioak
Legealdi berria hasita, hurrengo lau urteoi begirako formazioa jasotzeko aukera izango dute asteotan udal ordezkariek, azken plenoan udal gobernu taldetik iragarri zutenez. Euskara eta genero irizpideen inguruko formazio saioak hain zuzen.

Bizi ohitura osasuntsuetan hezten
Bizi ohitura osasuntsuak sustatzeko Mugimen programa Usurbila dakar Udalak, “Usurbil suspertu” izenarekin. Osakidetzarekin elkarlanean bideratuko duen egitasmoak, pertsona ez aktiboei zuzendua egongo da. Lehenbizi anbulatorioan artatuko du medikuak eta medikuak egoki ikusten badu gero Kiroldegian bizimodu aktibo bat izateko bere bizi ohituretara egokituko den aholkularitza jaso ahalko du. Urtebeteko jarraipena jasotzeko aukera izango du erabiltzaile bakoitzak. Urriaren 16an jarri asmo du programa hau Udalak, azken osoko bilkuran udal gobernu taldetik iragarri zutenez.