Xua Gurasoekin Etxera

"Xua Gurasoekin Etxera" ekartzeko eskaerak 1.200 sinadura baino gehiago bildu ditu jada

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 2a, 10:52

Asteazken goiz honetarako jada 1.237 lagunek sinatua zuten, gugandik 600 kilometrora, Valentziako Picassenteko espetxean diren Xua haurra eta jada baldintzapean aske behar zuten Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga presoak etxeratzeko eskaerak. 

Astebete baino gutxiagoko tartean 1.237 sinadura bildu ditu "Xua Gurasoekin Etxera" herri ekimenak, joan den ostiralean Orioko plazan aurkezturiko manifestuarentzako martxan jarritako kanpainarako. Sinadura, "Xua Gurasoekin Etxera" herri ekimeneko kideek kalean jarriko duten mahaian eman ahalko da, edo noiznahi, Internet bidez sinatu ahal duzue esteka honetan klikatuta: https://www.change.org/p/eskubideak-orain-xua-gurasoekin-etxera

Bereizketaren aurka, etxeratzearen alde
Gogoan izan, Olatz Lasagabaster, Patxi Uranga eta haien haur Xua Valentziako Picassenteko espetxean urrunduak dituzte, Usurbildik 600 kilometrora. Xuak urtarrilean 3 urte betetzean espetxetik irten beharko du, eta honenbestez, gurasoengandik bereiziko dute. Olatzek eta Patxik espetxealdiaren hiru laurdenak bete dituztela jakinik, Espainiako legedia kontuan izanda, kalean behar zuten jada. Eta horren alde ari da lanean, hiruren Usurbil, Orio eta Zarauzko lagunek osatu duten "Xua Gurasoekin Etxera" plataforma. Hirurak aske etxera etor daitezen lanean.

Horretarako, manifestu bat plazaratu dute. Segidan irakur dezakezue osorik. Usurbil, Orio eta Zarauzko musikari eta artista talde batek sortutako kantua ere aurkeztu zuten irailaren 27an Orion.

MANIFESTUA
Xua Gurasoekin Etxera!
Xua Lasagabaster Uranga Picassenteko espetxean (Valentzia) jaio zen, 2017ko urtarrilaren 19an. Bere amarekin bizi da eta noizbehinka elkartzeko aukera izaten du espetxe berean preso dagoen bere aita Patxirekin. Hilabete gutxi barru, hiru urte beteko ditu. Espainiako legeak hala aginduta, bere gurasoengandik bereiziko dute eta ezin izango ditu ikusi bisitetan ez bada.

Eten oso mingarria izango da, jakina. Are gehiago, urruntasunak (Usurbil- Oriotik 600 km.-ra dago Picassent) elkar ikusteko aukerak murriztuko dizkielako. Dena den, ez lukete zertan banaketaren sufrimendu gehigarria jasan behar. Izan ere, Olatzek eta Patxik 10 urte bete dituzte preso ekainean. Beren 12 urteko zigorraren 3/4ak baino gehiago. Horrenbestez, Espainiako legeria arrunta aplikatuz, biek ala biek baldintzapeko askatasuna lortzeko eskubidea dute. Horixe da, hain justu, agintariei eskatzen dieguna. Salbuespenezko legeak alboratu eta legez eta gizalegez joka dezatela. Ekidin daitekeen sufrimendurik ez diezaietela eragin hirurak bananduta, eta Xuarekin batera Patxi eta Olatz gurasoak ere etxera ekar ditzatela.

Manifestua helbide honetan sartuta sinatu dezakezue: Xua Gurasoekin Etxera!

"XUA GURASOEKIN ETXERA" ABESTIA

Pardela eta kartzela
Sehaska eta arraska
Pijama txiki urdinak
Jantzita ditu sorginak
Zergatik daramatzate
Panpinek esku burdinak?
 
Patioan kulunpioan
Parkean eta katean
Soka saltoan ari da
Gurasoak begira
Zergatik etorri behar du
Bakarrik Euskal Herrira?
 
Han utzita gurasoak
Etxera zatoz xua
Zabalik zabalik besoak
Hartzazu gure musua