"Xua Gurasoekin Etxera" ekimenaren kanta entzungai

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 2a, 10:37

"Soinu banda" propioa du "Xua Gurasoekin Etxera" herri ekimenak. Usurbil, Orio eta Zarauzko musikari eta artista hainbatek uda honetan sortu eta joan den ostiralean Orioko plazan aurkeztu zuten abestia. Albiste honetan duzue entzungai.

"Xua Gurasoekin Etxera" plataformak deitutako ekitaldia egin zuten irailaren 27an Orioko plazan. Usurbil, Orio eta Zarauzko lagunek sortutako abestia eta koreografia aurkeztu zuten. "Kantua uda honetan prestatua eta grabatua izan da Orioko Amasoain baserrian. Horretarako beharrezkoa izan da, Orio, Usurbil eta Zarauzko musikari eta artisten laguntza. Koreografia berriz, Orioko dantzariek prestatu dute. Borondatezko lan itzelaren emaitza izan da dena", adierazi zuten ekitaldian herri ekimeneko kideek. Hemen abestiaren letra, albiste honi atxikitako audio eta bideoan duzue entzungai:

"XUA GURASOEKIN ETXERA" ABESTIA

Pardela eta kartzela
Sehaska eta arraska
Pijama txiki urdinak
Jantzita ditu sorginak
Zergatik daramatzate
Panpinek esku burdinak?
 
Patioan kulunpioan
Parkean eta katean
Soka saltoan ari da
Gurasoak begira
Zergatik etorri behar du
Bakarrik Euskal Herrira?
 
Han utzita gurasoak
Etxera zatoz xua
Zabalik zabalik besoak
Hartzazu gure musua