Sutearen ostean, egunotan biltzekoa da Udala Ucin lantegikoekin

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 2a, 10:01

Irailaren 23ko sutearen ondotik, egunotan biltzekoa da udaleko eta Ucin lantegiko ordezkaritza bat. Sutea bera eta konpontzeke segitzen duen kea eta kiratsaren gaiari heldu asmo diote, udal gobernu taldetik azken osoko bilkuran berri eman zutenez.

Sutea piztu zen irailaren 23an Ucin lantegian. Suteak ez zuen inor zauritu baina kalte materialak eragin zituen. Eta kalte materialekin batera, kirats handiko ke lainoa, Donostiatik ere ikusi eta herri osoan barreiatu zena. Sutea piztu eta berehala hurbildu ziren suhiltzaileak, udaltzainak, Ertzaintza eta anbulantzia bat.

Baita udal ordezkaritza bat ere. Sare sozialen bidez berri eman zutenez, "alkatea eta udal zinegotziak Ucin enpresara hurbildu dira, kea ikusi orduko". Gertatutakoaren berri jaso eta eman zuen Udalak. "Enpresako arduradunek adierazi digutenez, laminazio beroko trenak su hartu du, eta ez fundizioa egiten duten labeek. Zorionez ez da langilerik zauritu", berri eman zuen Udalak Twitter bidez.

Orain arte bezala, aurrerantzean ere iragarri zuenez, "udal gobernuak harremanetan jarraituko du enpresarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin gertatutakoa argitu eta beharrezko diren neurriak hartzeko".

Ucin eta Udalaren bilera
Sutea gertatu eta egun gutxira, irailaren 26an udalbatzak egin zuen osoko bilkuran gai honi buruz galdetu zion EAJ taldeak udal gobernu taldeari. Sutea gertatu berritan adierazitakoa berretsi zuen alkateak. “Laminazio trenean izan zuten sutea”, adierazi zuen Agurtzane Solaberrietak. Gaineratu zuenez, “sutea ez zen handiagoa izan, langileek nahiko azkar jokatu zutelako”. Nabarmentzeko moduko kalte materialak izan ditu gertaera honen eraginez Ucinek. Sutea noiz eta non jazo zen argi dagoen arren, lantegiak Udalari helarazitako txostenak dioenez, zerk eragin zuen argitzeke omen da.  

Udal gobernu taldeak aipatu plenoan iragarri zuenez, asteazken honetan Udala Ucin lantegiko ordezkariekin biltzekoa da. Batetik sutearen ondorioez hitz egingo dute saio horretan. “Langileei nola eragingo dien”, alkateak osoko bilkuran zioenez. Horrekin batera, Ucinekin lehenik “hainbat gai zintzilik” badira udal gobernu taldearen esanetan eta horiei ere heldu nahi die bilera horretan. Enpresaren jardunak duen eraginari heltzeko “une ona” izan daitekeela gaineratzen zuen. Erreferentzia argia egin zion alkateak, sutearen egunean bizitakoari. Hainbat herritarren kezkak jaso dituzte, ke isuri eta “usain jasanezina” dela eta. Bai joan den asteko sutearen ostean, baita lehendik ere. Gai honi lotuta, lantegian berrikuntzak edota hobekuntzak sustatzeko une ona izan zitekeela irizten zion udal gobernu taldeak azken plenoan.