"Argazpitituluak" tailerra Koldo Almandozekin, datorren Harria Hitz bisita gidatuan

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 3a, 11:01
Koldo Almandoz Ramon Agirre aktorearekin batera iazko NOAUA!ren Kulturaldiaren baitan Sutegin, "Oreina" aurkezten.

2017an grabatu eta iaz estreinaturiko "Oreina" filmaren zuzendariak eskainiko duen tailerra dakar berrikuntza gisa, urriaren 26an ospatuko den hurrengo Harria Hitz bisita gidatuak.

Idoia Torregaraik aurkeztu eta Joseba Larratxe eta Antton Olariaga marrazkilariek girotu zuten irailaren 28ko Harria Hitz bisita gidatuaren ondotik, hilabete honetakoa datorkigu. Honako hau ere berezitasunekin; eguerdi partean herriko kultur altxorretan barrena osteratxoa egingo da eta arratsaldez, "Argazkipitutuluak" tailerra iragarri dute, Koldo Almandozekin. Iaz gure artean izan genuen zinemagile donostiarra, urtebete lehenago, 2017ko udazkenean inguruotan grabatu zuten "Oreina" filma aurkezten.

Oraingoan ordea tailer baten eskutik itzuliko da Almandoz Usurbila. Gunerik zikindu gabe, "herria begi berriekin deskubritzeko aukera emango du, herriko elementu ezberdinei azpitituluak jartzen arituko baikara". Tailer honetarako nahiz bisita gidaturako izen ematea zabalik dago.

HARRIA HITZ
Urriak 26, larunbata
12:30 
Harria Hitz bisita gidatua herrigunean frontoitik abiatuta.
16:00 Dema plazan Koldo Almandozekin elkartu.
16:05 Argazkipitituak tailerra.
19:00 Amaiera.

Zehaztasunak: "HARRIA HITZ bisitaren udazkeneko egutegia prest dugu dagoeneko. Urriaren 26an izango duzue Harria Hitz ibilbidea egiteko aukera. 60ko hamarkadara bidaia (eta gogoeta) proposatuko dizuegu eta, bide batez, egun-pasa ederra egiteko aitzakia ere bai, 12:30etatik aurrera, Harria Hitz bisita gidatua eta arratsaldean Koldo Almandozen Argazpitituluakt tailerra eskainiko baititugu Usurbilen. 

HARRIA HITZ ibilbideak, herrigunean ikus daitezkeen zenbait elementuren bitartez, Usurbilek euskal kultura garaikidearen susperraldian jokatutako papera ezagutaraztea du helburu: 60ko hamarkadako kultur-eztanda, tradizioa eta modernitatea, euskara, artea, euskal kultura… izango ditugu hizpide.

Koldo Almandozen Argazpitituluak tailerra kale arte jarduera bat da. Oso xumea eta minimala. Herriaren ezaguerarekin, ironiarekin eta zentzu bikoitzekin jolasten duena. Herritarrek egina eta herritarrentzat. Ez du trazarik utziko edo gunerik zikinduko baina herria begi berriekin deskubritzeko aukera emango du, herriko elementu ezberdinei azpitituluak jartzen arituko baikara".

Izen ematea: 688 818 017
info@kultour.pro
Plaza kopuru mugatua.
Izen ematea aurrez.
Prezioa: 5€
Informazio gehiago: harriahitz.eus
Antolatzailea: Usurbilgo Udala. 
Bideratzailea: Ereiten.