Harria Hitz egitasmoak, kaletik sarera eta saretik mundura jauzi egin du

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 3a, 11:00

Herriko kultur altxorrek erakusleiho berria dute sarean; Harria Hitz ekimenak Internetera eta handik mundu zabalera jauzi egin du. Urrats berria eman dute honenbestez, egitasmo hau kudeatzen duten Usurbilgo Udalak eta Ereiten Kultur Zerbitzuak-ek.

 “Usurbildik kanpoko euskal herritarrei erakusteko helburuz sortu genuen Harria Hitz eta gaur horren bueltan beste urrats bat eman nahi dugu. Webgune bat sortu dugu”, berri eman zuen Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak, Ereiten-eko kide Sara Etxebesterekin batera joan den astean Potxoenean egin zuten agerraldian.

Webgune berria aurkezteko baliatu zuten hitzordua. Harriahitz.eus atarian klikatzen baduzue, Usurbilgo ondare artistikoaren txokoan barneratuko zarete. Herrian 1960ko hamarkadako kultur eztanda gertatu ostetik elkarbizi garen artelanen gaineko informazioa jasoko duzue. Usurbilen bertan tipi-tapa ezagutu ditzakezuen Dema plaza, Udarregi bertsolariaren omeneko eskultura, Mikel Laboaren omeneko plaza eta eskultura, Jose Luis Zumetaren eta Alejandro Tapiaren muralak, sagardoaren eskultura… horien guztien gaineko informazioa jaso ahalko duzue. Usurbilgo ondare artistikoaren erakusleiho berria dugu, duela hiruzpalau urtetik hona tarteka egiten den Harria Hitz bisita gidatuaren isla argia duena. Harria Hitzen gaineko xehetasunak biltzen ditu “Sarrera” eta  “ibilbidea” ataletan. “Ostalaritza” izenekoan gure artera bisitan datozen euskal herritarrek herrian bertan jan eta edateko eskaintza zabala. “Zure Usurbil” txokoak bisitan datozenekin hartuemanak sustatzeko balioko du. “Bisitan egiten dituzten argazkiak igo, iritziak eman eta beraien ekarpenak proposa ditzakete”, Etxebesteren esanetan. Azkenik, agendan datozen Harria Hitz ekimenaren edizioak iragarriko dituzte. Gaurkoz, abendura arteko hitzorduen gaineko informazioa bildu dute, baita izen emateko dauden bideen berri ere.

Turismo pausatua, herritarrekiko errespetuzkoa
Sendotzen doa Udaletik nabarmentzen dutenez, Harria Hitz ekimena. Bisita gidatuak antolatzen hasi ziren duela urte gutxi. Etengabe berritzen doa ekimena. Kultur eragile gehiagorekin elkarlana sustatzen aritu dira, eskaintza oparoagoa osatuz; Txokoaldeko Txalaparta Txokoarekin edota Zumeta Arte Estudioarekin. Formatu berriak txertatzen joan dira; esaterako, sagardo dastatzeak, edota herriko marrazkilariekin joan den larunbatean eginiko saioa. Ibilbide irisgarria izateko aplikazio bat ere sortua dute telefonoetarako. “Euskal herritarrei eskaintzen diegun kultur produktu garrantzitsu bat da”, zioen Usurbilgo alkateak iragan asteko webgune berriaren aurkezpenean.

Udaletik sustatu nahi duten Usurbilgo turismo eredua bera agerian uzten duena; “pausatua, gertukoa, euskalduna eta herritarrak errespetatzen dituena”. Bisitari kopuru mugatu batekin beti. Euskal kulturan, euskaran eta artean oinarritua. Bisitariei soilik ez, Usurbilgo alkateak etxekoak ere herrian dugun ondarea sakonago ezagutzera animatu nahi ditu. “Harria Hitz zer den, gure kaleek gordetzen dituzten altxor horiek ezagutu ditzatela”.

Hurrengo Harria Hitz
-Urriak 26: 12:30 Harria Hitz bisita gidatua herri erdigunean barrena. 16:00 Argazpitituluak tailerra Koldo Almandozekin.
-Azaroak 23: 10:00 Harria Hitz bisita gidatu herri erdigunean barrena, Irati Otamendi ikerlari eta arkitektoarekin.
-Abenduak 14: 10:00 Harria Hitz bisita gidatua herrigunean. Txokoaldeko Txalaparta Txokora eta Zumeta Arte Estudiora bisitak.
Erreserbak egin eta informazio gehiagorako:
harriahitz.eus
688 818 017
info@kultour.pro