"Petrolioaren gailurra eta bere ondorioak" hitzaldia 19:00etan Potxoenean

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 4a, 07:44

 Energiaren inguruko jardunaldiak antolatu ditu herritar talde batek asteotarako; lehen saioa ostiralerako (urriak 4) 19:00etan Potxoenean; "petrolioaren gailurra eta bere ondorioak" izeneko saioa Antonio Aretxabala geologo eta aditu ezagunarekin.

Etorkizunera begira kezka iturri dugun energia hizpide izango duten jardunaldiak antolatu ditu herritar talde batek asteotarako. Eremu honetan bizi dugun egoeraren aurrean “planteatzen ari ginen zer egin dezakegun jendearengana iristeko, beste bide bat behintzat badela adierazteko eta bide horretan zerbait egiten hasteko”. Herritar talde hau elkartu eta petrolioa, energiari lotutako toki-esperientziak eta Usurbilgo autohornikuntza azterketa hizpide izango duten hiru saio antolatu dituzte Potxoenean. “Jardunaldi hauetan proposamen zehatzak ekarriko dira”, iragarri dute. Tartean, Ispasterrekoarekin (Bizkaia) batera, Zubietak energiaren inguruan egiten ari den lanketa ekarriko dute hitzorduotara.

“Jardunaldion helburua ez da soilik eztabaida piztea”, gaineratzen dutenez, Usurbilen energia eta elikadura subirautzaren arloetan, edota hondakin zein mugikortasunaren eremuetan lan egingo luketen “lan taldeak sortzea baizik, beste eredu bat bultzatzeko”.

Gaizki dagoenaz protestatzetik haratago joan behar garela azpimarratzen du herritar talde honek. “Denbora dezente galdu dugu. Zehaztasunez eta modu errealean eraikitzen hasi behar dugu”, ohartarazten digute. Pil-pilean den klima larrialdiaren harira sarritan entzuten ari garen moduan, berandutu baino lehen. Datorkigunaren aurrean gutxienez, “pixka bat prestatuak harrapa gaitzala. Goazen prestatzen hastera”.

Kolapsoa edo trantsizioa
Jardunaldi sorta hau, “petrolioaren gailurra” gai honi helduta hasiko dute urriaren 4an. “Aldaketa klimatikoa eta petrolioaren gailurra txanpon beraren bi aurpegiak dira. Txanpon hori kapitalismoa litzateke”, antolatzaileen esanetan. Aldaketa klimatikoaren gaia sarritan herritarron eta gure ohiturei lotu arren, “eredu ekonomikoa da arazoa eta helburutzat etengabe haztea duen eredu hori aldatzen ez dugun artean, horrek geroz eta energia fosil gehiago xahutzea dakar”.

Ildo beretik mintzatu zaio NOAUA!ri Antonio Aretxabala Zaragozako Unibertsitateko geologo ikerlaria eta gai honetan aditua. Nafarroako geologoen eskola ofizialeko delegatu eta Nafarroako Unibertsitateko arkitektura eskolako laborategiko zuzendari teknikoa izandakoa da besteak beste. Gai hauei buruzko dibulgazio lanetan dihardu.

Bera izango da hain zuzen, energiaren inguruko jardunaldi sorta hau abiaraziko duena ostiralean Potxoenean. Bere esanetan, 2008tik sufritzen ari garen eta amaierarik gabe pairatzen segiko dugun krisiaren aurrekari izan zen 2005eko “petrolioaren gailurrari” buruz ariko da.  “Krisialdi honek osagai energetikoa du”, Aretxabalaren esanetan. Lotura estua du indarrean den sistema kapitalistarekin eta petrolioarekin.

Baliabide mugatuak dituen planetan bizi eta baliabide hauetako bat baino gehiago azken 200 urteotan gehiegi ustiatu dugula jakinik, krisi sistemiko honek aurrera begira eskenatoki posible hauetako batera eraman gaitzakeela dio Aretxabalak: zibilizazioaren kolapsorantz, hazkunderik gabeko ekonomia geldikorrera igarotzera, edota “kapitalismoak inoiz ezagutu ez duen” desazkunde ekonomikorantz. “Trantsizioa edo kolapsoa, ziklo aldaketa berri baten atarian gara edo kapitalismo globalizatuaren agonia eta gainbehera bizitzen ari gara?”.

Energia trantsiziorantz
Energiaren ehuneko ehuna berriztagarrien izango den errealitatera gerturatu  nahi badugu, bide hori ezinbestean petrolioaren laguntzaz egin beharko dugula dio. Eta une hau horretarako baliatzea proposatzen du. “Petrolioa energia trantsizio hori egiteko baliatu genezake”.

Ostiraleko hitzordura gonbidatzen gaitu, “azken urteotan gertaturikoa ulertu, gure egungo egoeraz diagnosi argi bat izan eta etorkizunerako egin ahalko dugun eta ezingo duguna proiektatzeko, izango ditugun eskenatoki posibleen berri izateko”.

Energiaren inguruko jardunaldiak
Urriak 4, ostirala
19:00 
Hitzaldia Potxoenean: “Petrolioaren gailurra eta bere ondorioak”. Hizlaria: Antonio Aretxabala geologoa, gaian aditua.

Urriak 18, ostirala
19:00 
Hitzaldia Potxoenean: “Toki-esperientziak energian: Zubieta eta Ispaster proiektuak. Energia Berriztagarrien sorkuntza eta kontsumo kooperatibak”.

Azaroak 8, ostirala
18:00 Hitzaldia Potxoenean. “Usurbilgo autohornikuntza azterketa”. Hizlaria: Jesus Calvillo.

Antolatzailea:herritar talde bat.